ZIKLOTURISMOA
I. Iratiko Tourra uztailaren 5ean egingo da, Zuberoan
Imanol CARRILLO | DONOSTIA
Euskal Selekzioaren Aldeko Iritzi Taldeak (ESAIT) eta Sport Athletique Mauleonais (SAM) kirol elkarteak I. Iratiko Tourra, Euskal Herriko zikloturista itzulia, antolatu dute datorren uztailaren 5erako, Zuberoan.
Mauletik Maulera egingo den probak bi ibilbide izango ditu. Laburrak 64 kilometro ditu; ez da oso gogorra eta Oskaxe mendatea igoko dute. Ibilbide luzea, 120 kilometrokoa, aldiz, gogorragoa da; Burdinkurutzeta (atzeko aldetik), Oskaxe eta Bagargi mendateak igoko dituzte. Azken igoera hori kronometratua izango da.
Antolatzaileek atzo nabarmendu zutenez, «beste zikloturismo bat nahi dugu, hain lehiakorra ez dena». Hori dela eta, «Iratiko Tourra neutralizatua izango da; proba abiadura normal batean egin dadin saiatuko gara», adierazi zuten.
Horrekin batera, emakumearen parte hartzea bultzatu nahi dute. Horren erakusle, Bagargin denbora onena egiten duen neska eta mutil banak osatutako bikoteak saria jasoko du.