Emakume bat eta bere alaba hil dira auto-istripuan Urketan
Atzo eguerdian 43 urteko emakume bat eta 8 urteko bere alaba auto istripuz hil ziren Urketan. Argindar-zutoin baten kontra jo eta gero, Aturriren ibaiadarra den Ardanabira erori zen autoa. Inguruan zegoen suhiltzaile batek uretara salto egin eta biak autotik ateratzen saiatu zen.GARA |
Istripua Urketako departamenduko 261 errepidean gertatu zen atzo, ordu biak eta hirurak artean, Aturriren ibaiadarra den Ardanabi ibaiaren ondoan. Inguruan zegoen arrantzale batek azaldutakoaren arabera, Renault Clio zuri batek argindar zutoin baten kontra jo eta uretara erori zen. Segundo gutxi batzuetan autoa ur azpira joan zen. Autoan Lehuntzeko 43 urteko emakumea eta zortzi urteko bere alaba zihoazen.
Ezbeharra jazo zenean suhiltzaile bat zebilen ibaian uretako motorrean, eta istripua gertatu zen tokira hurbildu zen berehala eta uretara salto egin zuen ama eta alaba autotik ateratzeko asmoz. Ur azpian autoaren leihoak hausten eta atea irekitzen saiatu zen, baina ez zuen lortu. Autoa erori zen tokiak hiru eta lau metro arteko sakonera zuen.
Lekukoek segurtasun zerbitzuei dei egin zieten berehala, eta suhiltzaileak, jendarmeak eta osasun zerbitzuak bertaratu ziren istripua jazotako tokira. Baiona, Angelu eta Biarritzeko suhiltzaileen urpekariek hirurak aldera ama eta alabaren gorpuak autotik ateratzea lortu zuten. Osasun zerbitzuen laguntzarekin gorpuak bere senera ekartzen saiatu ziren, baina ez zuten lortu.
Alaba gazteena
Hasiera batean, emakumearen sei urteko beste alabaren bila hasi ziren suhiltzaileen urpekariak, istripua gertatu zen unean autoan zegoela uste baitzuten. Baina gerora jakin zenez, alaba gazteena dantza ikastaroan zegoen Urketan.
Familiako aita, istripua gertatu zen tokira hurbildu zen istripuaren berri izan zuenean eta osasun zerbitzuen laguntza jaso behar izan zuen. Lehuntzen pertsona ezaguna da aita. Herriko aurreko auzapezaren hautagai zerrendan baitzen azken udal hauteskundeetan.