Javi Lopez haserre agertu da Recreativok bere fitxaketaren berri eman duelako
J.O. | GASTEIZ
Bere haserrea behar ez den lekura bideratu bazuen ere -Gasteizko kazetariekin tentsio handiko prentsaurrekoa izan zuen atzo-, minduta agertu zen atzo Javi Lopez Huelvako Recreativo taldeak datoren urterako fitxatu duela jakinarazi duelako bere web orrialdean.
Kataluniarrak ez zuen berria baieztatu nahi izan; are gehiago, Alaves dagoen egoeran egonda, errespetu falta iruditzen zaio halako kontuez aritzea. «Nik ez dut ezer irakurri eta datorren astetik aurrera hitz egingo dugu. Gauza bakoitzak bere unea du eta niretzat errespetu falta litzateke horretaz hitz egitea. Niri ez didazue gaiaren inguruan ezer entzun, ez baitut ezer esan. Nik orain ordaintzen nauen taldearentzat egin behar dut lan eta profesionala izan behar dut amaierara arte».
Hori bai, ziurrenik Mendizorrotzan eman zuen azken prentsaurrekoan, Javi Lopezen hitzek agur tonua izan zuten eta helburuak bete ez dituela aitortzeaz gain, zaletuentzako esker oneko hitzak izan zituen babazorroen entrenatzaileak.
Hala ere, kataluniarraren jarduna ez da erabat zuzena izan, izan ere, Vigoko partida garrantzitsuaren aurretik izan ziren bere fitxaketaren inguruko lehen zurrumurruak Huelvan; ez hori bakarrik, Alaveseko ordezkariek bi aste lehenago izan zituzten gerta zitekeenaren inguruko lehen berriak. Fernando Ortiz de Zaratek entrenatzaileak hurrengo urterako Alavesekin kontratua duela baieztatu du berriki; ondorioz, Andaluziako taldeak zehaztu gabeko diru kopuru bat eman beharko dio talde babazorroari Javi Lopez fitxatu nahi badu.
Bilera eta EREa
Bien bitartean, gaurkoa egun garrantzitsua izango da Alavesentzat. Alde batetik, Arabako Foru Aldundiarekin bilera izango du taldearen bideragarritasunaren inguruan aritzeko eta, bestetik, langileen erregulazio espedientea aurkeztuko du epaitegian.