Gitarra armairutik atera eta plazara agertu da Jon Enbeita, bakarlari
Gazteenek bertsolari gisa ezagutuko duten arren, Jon Enbeita bakarlari gisa ere ibilitakoa da, gitarra lagun, 70eko hamarkadan plazarik plaza. Eta orain, hogei urte gordeta izan ostean, berriz ere gitarra hartu eta plazara itzuli da, «Hainbeste, hain gitxi» lanarekin. Lankuk argitaratu diskoan Rafa Rueda izan du lagun ekoizpenean eta Arkaitz Miner, Jesus Aranburu eta Itxaso Etxebeste musikan. Aurki zuzenean ere entzungo dugu Jon Enbeita, oholtza gainean.
Anartz BILBAO | BILBO
Bertsolari legez ezaguna dugu Jon Enbeita (Muxika, 1950), baina sortzailea dugu gizona, eta sortu behar hori asetze aldera, «Hainbeste, hain gitxi» diskoa aurkeztu digu. Izan ere, horrela kontatu zigun berak: «Bertsotan ez ezik, 70eko hamarkadan ibili izan nintzen bakarlari ere, gitarra lagun, eta taldeak agertzen hasi zirenean, bi bideak jorratzea moldakaitza izango zitzaidala eta, zalantzatan ibili ostean bertsolaritzaren aldeko hautua egin nuen 1978 aldera». Orduan gorde zuen gitarra armairuan, eta ez du bertatik atera bi hamarkada igaro arte: «Ez galdetu zergatik» diosku berak, galdetzera ausartu baino lehen.
Gitarraren sokei berriro eragiten hasi eta, esan bezala, sortzaileak beharra duenez, «kantu berriak agertu dira». Eta musika zirkuituan sartzeko apustua egin du Enbeitak, diskoa plazaratuta, «Lankuk baldintza bakarra ere jarri barik baietz erantzun ostean». Puntu honetara helduta, «gitarra gordeta izan arren, ez naiz kantutik aparte ibili», argitu digu Enbeitak.
Uda bueltan plazaz plaza lana aurkezteko asmoa ere badu muxikarrak, gitarra alboan eta bakarrik seguru asko, «bakarlari mundu hori aldarrikatu nahi baitut».
Ekoizpen lanetan Rafa Rueda musikari iaioaren laguntza izan du muxikarrak, eta mungiarrak proposatuta, Arkaitz Miner (biolina, biola eta mandolina), Jesus Aranburu (teklatuak eta soinua), Ekain Elorza (perkusioak) eta Itsaso Etxebeste (baxua) musikari gazteena musikan. Gainera, Oihane alaba ere aitaren ondoan izan da abesti batzuetan, kantuan. Grabaketa eta masterizazioaz, berriz, Jonan Ordorika arduratu da. Muxikarrak, «beraiekin lan egitearren» merezi izan duela eta, «hamarrekoa» eman zien egun lagun ere bihurtu zaizkion musikariei.
Lana bertsolaritzari lotuta dagoen Lankuk argitaratu du. Bertako arduradunen esanetan, «Jonek disko bat grabatzeko asmoa agertu zigun, eta gure munduan nekeza izaten da ezetza jasotzea». Beraz, lanari ekin eta «Hainbeste, hain gitxi» eman zuten, ekoiztu duten bigarren lana, «Gu ta gutarrak» lanaren ostean, «bertsolariak tarteko direnean, hurbil izaten baikara».
70eko hamarkadako folka
Ekoizpenaz arduratu den Rafa Rueda mungiarrak ez zuen Enbeita ezagutzen, eta «plazer handia izan da elkar ezagutzea» esanez hasi zituen atzo azalpenak. Behin elkar ezagututa -muxikarraren asmoen berri izateko ezinbestekoa-, «egitasmoa erakargarria iruditu zitzaidan, kronologikoki hainbat garaitako kantuak biltzen zituelako, eta garai batzuk ezagutzen ez nituelako». Ruedarentzat plastilina bezalakoa omen da musika eta «ahots eta gitarra hutsez egindako kantuei Jonen gustuko jantziak josten saiatu gara, folka oinarri hartuta».
Folk doinuak dira nagusi bai, hamahiru kantu biltzen dituen diskoan (70eko hamarkadakoa eta akustikoa). Tartean badira aspaldi idatzitakoak, eta baita orain gutxi sortutakoak ere: «Hitzen eta doinuen artean urte gutxi batzuetako aldea egon badaiteke ere, kantu bakoitzak sortu zeneko urtea du ondoan», diskoaren liburuxkan.
Gaiei dagokionez, hausnarketa ugari darabil Enbeitak «Hainbeste, hain gitxi» lanean, eta bat nagusitzekotan, «maitasunari buruzkoak dira bi edo hiru». Tartean badira «Askatasuna, bakea», «Euskera» edo atzerrian bizi direnen izenean idatzitako kantua (izenburuek argi erakusten dituzte gaiak), eta baita aita Balendinen heriotzan, 1986an sortutako «Hotzak jo dau azaroan»; Jonek lehen biloba izan zuenean, «lehenengo ilobaren jaiotzarako egina» den «Lo Ekhi lo» sehaska kantua edo diskoari izena ematen dion «Hainbeste, hain gutxi» ere, «geure zilar ezteietarako egina».
Bakarlari figura aldarrikatu nahi du Jon Enbeitak eta modu horretan agertuko da plazara, gitarra lagun, nahiz eta diskoan musikari gazte trebeen laguntza izan duen.
Kantaria: Jon Enbeita.
Diskoa: «Hainbeste, hain gitxi».
Diskoetxea: Lanku.
Salneurria: 15 euro.
Eskariak: www.lanku. com