Iruñeko Xalbador liburu dendak 25 urte beteko ditu bihar euskal kulturgintzaren alde lanean
Lau lagunen artean sortu zuten 1984ko ekainaren 19an Nafarroan eta, batez ere, Iruñean, euskal kulturaren presentzia bermatze aldera. 25 urte geroago, euskalgintzarekiko konpromisoak berbera izaten jarraitzen du.
Ane ARRUTI | DONOSTIA
Euskara eta euskal kulturgintzarekiko konpromisoa helburutzat hartuta, 1976an sortu zen Donostian Bilintx liburu denda. Horixe izan zen zortzi urte geroago Iruñean abiatuko zen proiektuaren aurrekaria. «Pentsatu zuten Nafarroan eta, batez ere, Iruñean, liburu denda on baten beharra zegoela, euskal kulturaren inguruko liburuen presentzia bermatzeko», kontatu zigun Patxo Abarzuzak. Liburu denda sortu zenetik 23 urte eman ditu bertan eta orain Elkar megadenden koordinatzaile moduan dabil iruindarra.
«Lau lagun elkartu ginen, aurretik liburuen mundutik gentozen lauak eta esperientzia bagenuen, beraz. Xalbador ireki genuenean, Iruñeko liburu denda handiena zen», azaldu zuen Abarzuzak. «Baina, noski, euskal ekoizpenarekin bakarrik ezin da biziraun eta horregatik jarri zen denda handi bat, fondo orokorrekin, betiere euskal edukietan espezializatua».
Urte bereziak izan ziren hasierako haiek. Abarzuzaren esanetan, ez ziren oztopo nabarmenegiekin topatu, «zurrumurru batzuk atera ziren, nondik zetorren hura, zein dirurekin... baina anekdota hutsean gelditu ziren». 80ko eta 90eko hamarkadetan pixkanaka euskarazko liburuek gora egin zuten; gero eta ugariagoak ziren euskal gaiei buruzko argitalpenak. Literatur ekoizpena, baina, urriagoa zen.
«Gestio mailan eta denean asko aldatu dira gauzak. Nabaritzen zen produkzioan gizartea esnatzen ari zela. Lau pertsona hasi ginen eta gaur egun hamahiru gaude lanean. 25 urtetan zehar bezero fidelak izan ditugun seinale», agertu zuen.
Liburuzale haien nahiak, ordea, saltoki gune soil batetik harago zeuden. Salmenta puntu bat izateaz gain, kultur gunea izatea ere nahi zuten, «euskara eta euskal kulturarekiko konpromisoa» hasieratik mantenduz. Aurkezpenak, firmak, ekitaldi kulturalak... izan ziren, beraz, geroztik megadendak jantzi dituzten ekitaldi gehigarrietako batzuk.
Elkar
Xalbadorren egiten zuten lanarekin asko gustura bazeuden ere, ordurako liburu denda asko zegoen Iruñeko kaleetan eta, kalterik sortu aurretik, indarrak batzeko hautua egin zuten dendariek. «Elkar da gure lehenbiziko izena eta izena baino zerbait gehiago da».
«Firma sakon bat da», Abarzuzaren iduriko. «Irudi serio bat izan da bai argitaletxe eta bai musika munduan ere eta modu honetara irudia sendotu da», bere iritziz. Krisi garaiak ere izan zituen gogoan, ezagutzera eman ziren urteetakoak, hain zuzen. «Guk beti esaten dugu liburu dendak ongi moldatzen direla krisialdietan, batez ere, besterik ez dutelako ezagutzen», azaldu zuen. Gaur egun ere, krisiak jota, aurrera jarraitzeko konpromisoa hartu zuen.
Gaur arratsaldean ekitaldi berezia antolatu dute liburu dendaren 25. urteurrena ospatzeko. Arratsaldeko zazpietatik aurrera, Castillo Suarezek errezitaldia eskainiko du eta, ondoren, Jean Mixel Bedaxagarrek emanaldi txiki bat emango du.
Ekitaldi horretan liburu dendaren sorkuntzatik gaur arteko ibilbidea gogoratuko da, bertatik igaro diren pertsonaiekin eta denbora luze horretan jazotakoak burura ekarriz.
Abarzuzak garari azaldu zionaren arabera, beren helburua lagun arteko ospakizun bat burutzea izango da.A.A.