Mikel Laboa, 1934-2008
Mikel Laboa gertutik ezagutzeko DVDa, gertukoenen eskutik
74 urtek askorako eman dezakete eta Mikel Laboaren kasuan zer esanik ez. Guztia biltzea ezinezkoa bada ere, abenduan zendu zen artista donostiarraren biografia eta obra jasotzen dituen «Mikel Laboa (1934-2008)» DVDa aurkeztu zuten atzo Igeldoko Buenavista jatetxean. Marisol Bastida, Laboaren alarguna, aritu da zuzendari lanetan.
Ane ARRUTI | DONOSTIA
«Mikel toki zalea zen. Herri bakoitzean bazuen beti toki jakin bat. Donostian toki hori Buenavista jatetxea zen. Ez gaude toki txarrean, beraz», adierazi zuen Bernardo Atxagak atzo egindako aurkezpenean. Bertan bildu ziren Mikel Laboaren hainbat senide eta lagun. «Egin dugun lanaren ondoren, nire nahia honakoa da: Mikel nolabait berreskuratzea, zati bat noski, baina berreskuratzea. Lan hau Mikelentzat opari txiki bat izatea nahi nuke», adierazi zuen hunkituta Laboaren alargun Marisol Bastidak. Iazko abenduan zendu zen artista hobeto eta sakonago ezagutzeko aukera eskaintzen duen «Mikel Laboa (1934-2008)» (Elkar) dokumentala izan da opari hori, guztien artean Laboa gogoratzeko balioko duena.
Joan den urrian bururatu zitzaien Bastida eta bere senarrari zerbait egin beharra zutela, abeslariaren bizitza eta obra bilduko zituena. Orduan jakinarazi zioten Laboari Gipuzkoako Foru Aldundiaren Urrezko Domina eskainiko ziotela eta dokumentalaren ideia lantzen hasi ziren. Abenduan, Laboaren heriotzak kolokan jarri zituen proiektu honetan murgilduta zeuden guztiak, baina «Marisolen kemenak aurrera egitera bultzatu zituen guztiak», azaldu zuen Josebe Ormazuri produktoreak.
Bere bizitza, bere hitzetan
Bi zati nagusi bereizten dira ordu eta berrogei irauten duen dokumental honetan: biografia eta obra. Lehenengo zati horretan, Laboak berak kontatzen du bere bizitza. Horretarako, 1978an Donostiako Herri Irratian egindako elkarrizketa batzuk baliatu dituzte. Bestalde, oso gertuko kolaboratzaileek ere hitz egiten dute, batez ere, Iñaki Salvador eta Josetxo Silguero musikariek. Salvadorren esanetan, lan honen «ekarpena kontrako norabidean izan da, nik lanari baino gehiago eman dit lanak niri: Laboaren familiako sentiarazi nau berriro ere, eta Mikel hobeto ezagutzeko aukera eman dit. Izan ere, elkarren arteko konplizitatea izugarria bazen ere, Mikelek ez zuen gehiegi hitz egiten eta hobeto ezagutzen nuen kantuen bidez».
Bigarren zatian, berriz, hamar elkarrizketaturen hitzak ageri dira. Aurretik aipatutako bi musikariez gain, Koldobika Jauregi, Ruper Ordorika, Xabier Montoia, Anari, Francesc Pi de la Serra, Raimon, Lluis Llach eta Karlos Osinaga. Horrekin guztiarekin, Laboaren obra tartekatzen da, bai diskoetakoa eta baita zuzenekoak ere. Bertan dago, esaterako, GARA sortu zenean Belodromoan eskaini zuen emanaldia.
Bastidaren esanetan, arazoetako bat kalitate oneko grabazioak lortzea izan bada ere eta zenbait kontzertu gogoangarri eskuratzerik izan ez badute ere, emanaldi sorta polita bildu dute. 70eko hamarkadaren erdialdetik aurrerakoak dira gehienak, «orduan hasi zen bere beldur eszenikoa zertxobait galtzen, zertxobait», nabarmendu zuen Bastidak.
Euskaraz, gaztelaniaz eta katalunieraz hitz egin dute elkarrizketatuek eta horrela mantentzea erabaki dute. Hala ere, azpitituluak sartu dituzte euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez. Dokumentalarekin batera, disko bat ere argitaratu dute. Abenduaren 23an, Urrezko Dominaren ekitaldian, Silguero eta Salvadorrek eskaini zituzten hiru kantu bildu dituzte bertan eta baita Bernardo Atxagak eskaini zion «Beti lagun» poema, zuzenean errezitatua.
«Konplexutasunaren tentsioa»
Bernardo Atxagak Laboaren izaeraren konplexutasuna izan zuen gogoan. «Bere tokia nahasketa bat zen, abangoardia eta euskal tradizioa batzen zituena. Aski da bere diskoak entzutea bi mundu horiekin topo egiteko: hor dago «Pasaiako herritik» bezalako tradiziozko kantu bat, edo hemeretzi minutuko kantu edo pieza bat... Eta dokumental honetan ere ageri da hori: Zumeta agertu daiteke, baina baita Lisabo taldea ere».
Idazlearen esanetan, Laboak garai batean Oteiza, Txillida, Gabriel Aresti edota Koldo Mitxelenak hartutako tokia hartu zuen. «Bikoiztasun edo nahasketa horretan mantentzen zarenean, oso maitatua edo oso ukatua izaten zara normalean. Oteizaren kasuan garbia izan zen, adibidez. Laboarenean, ordea, hain maitekorra izanik, apalagoa izan zen». Atxagaren ustez, Laboaren familia sentitzen diren horiek guztiek lanean jarraitu behar dute, «konplexutasun eta tentsio hori galdu ez dadin».
Lehenengo zatian Laboaren ahotsean entzuten dira bere bizitzako kontakizunak. Ondoren, gertukoenen testigantzak eta zuzeneko emanaldiak tartekatzen dira.