GARA > Idatzia > Iritzia > Azken puntua

Amagoia Mujika kazetaria

Zintzilik eta, hala ere, hegan egin nahian

 

Egin froga. Jarri kale kantoi batean gora begira eta, konturatzerako, taldetxoa bilduko zaizu inguruan, gora begira denak, zer ikusiko. Eta zer ikusiko eta txori txiki bat, teilatuaren izkinan zintzilik. Soka batean kateatuta geratu da, ez aurrera ez atzera, eta horrela eman du asteburua. Jende askok jarraitu du txoriaren abentura madarikatua. Ahoz ahokoa baino, begiz begikoa izan da katea.

Sekulako itolarria eta estutasuna sortzen du txori bat horrela ikusteak. Koitadua! Lehendabiziko egunean sekulako indarrarekin mugitzen zituen hegoak. Pixka batean atseden hartu -hor, zintzilik, hilda zegoela zirudien-, eta berriz hegan egiteko saiakera desesperatua. Eta kinielak martxan hasi ziren. Batek iluntzerako hilko zela; besteak, ezetz, iraungo zuela hurrengo egunera arte. Batek onena eskopeta ateratzea zela; besteak animalien babeserako talde bati eman behar zitzaiola abisua. Total, ez eskopetarik ez abisurik eta txoria han, zintzilik. Bigarren egunean -egunero joan behar izan dugu txoria ikustera etxeko txikiaren aginduz-, atsedenak luzeagoak ziren dagoeneko. Luzeegiak. Akabatuta zegoela zirudien, baina, gutxien esperotakoan, saioa egiten zuen hegoei eraginez, eta larrituta begira geundenak lasaitu egiten ginen. Badakizu, hil dadila inork ez diolako laguntzen baina, mesedez, ez dadila gure begien aurrean hil.

Hirugarren egunean, gora begiratu eta ez zegoen ez sokarik ez txoririk. Garabi handi batera igo eta askatu egin zutela kontatzen dute, oraindik bizirik zegoela eta hegan alde egin zuela. Esaten dute inoiz ez dutela ikusi txori bat horrelako abiadan. Eta gure herriarekin akordatu naiz berriro; zintzilik egonda ere, indarrez hegan egin nahian ikusi nuen lehen aldian bezala.


 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo