GARA > Idatzia > Kirolak > Pilota

Kontratu luzapena

Bere jokoa egiten jarraituko du Oinatzek 2015. urtera arte

Asegarcerekin zuen kontratua beste hiru urtez luzatu du Bengoetxea VI.ak.

p039_f01_148x96.jpg

Imanol CARRILLO | DONOSTIA

Pilota denboraldiak urtean zehar atsedenik hartzen ez duenez, txapelketarik gabeko tarte laburrak hartu behar dituzte enpresek etorkizuna antolatzen joateko. Hala, orain, Buruz Burukoa amaitu berri dela eta Lau eta Erdiko San Fermin Torneoa oraindik hasi ez dela baliatuta, kirolarien kontratuak aztertzen ari dira bai Aspeko bai Asegarceko arduradunak.

Horren erakusle, Asegarcek atzo jakinarazi zuen Oinatz Bengoetxeak 2015eko apirilaren 30a bitartean luzatu duela enpresarekin duen kontratua. Orain arte, 2012. urtera arte zuen kontratua leitzarrak, eta bi aldeen arteko negoziaketen ostean, akordioa beste hiru urtez luzatu dute.

Iazko Buruz Buruko Txapelketaren irabazlea, hilaren 6an lesionatu zen binakako partida bat jokatzen ari zela, eta ebakuntza egin behar izan diote eskuineko eskuan. Ondorioz, bi hilabete eman beharko ditu kantxetatik kanpo. Atzo ezagutarazitako kontratu luzapenarekin, enpresak beregan duen konfiantza erakutsi nahi izan du.

Bengoetxea VI.arekin batera, enpresa bereko Arretxe II.ak bi urterako luzatu du bere kontratua, eta Aratz Mendizabalek eta Iñaki Eskuderok, urtebeterako.

Kantxa kanpoko gaiak alde batera utzita, eta barrukoei buruz hitz eginez, aurtengo San Fermin Torneoari helduko diogu. Izan ere, Aspek eta Asegarcek kanporaketak zeintzuk izango diren ezagutarazi dute.

Asegarceko adarrean, Chafee eta Arretxe II.aren arteko aurrekanporaketa bat jokatu zen hilaren 6an. Garaipena Arretxe II.arentzat izan zen, 22 eta 20ko emaitzarekin. Orain, Olaizola I.a izango da bere arerioa final-zortzirenetan; partida datorren ekainaren 27an jokatuko da Arbizuko pilotalekuan.

Irabazleak Bengoetxea VI.aren aurka jokatu beharko luke, baina Leitzakoa lesionatuta dagoenez, ezingo du txapelketan parte hartu. Horrenbestez, Olaizola II.a izango da partida honetako garailearen hurrengo arerioa finalerdietan, uztailaren 4an.

Aspeko adarrari dagokionez, final-zortzirenetako bi partida jokatuko dira hilaren 28an, Zarautzen: Ongay Olazabalen aurka, eta Zubieta Beroizen kontra. Bi neurketa horietako garaileak elkarren kontra arituko dira final-laurdenetan uztailaren 3an. Partida horretatik aterako da Juan Martinez de Irujoren finalerdietako aurkaria -uztailaren 5ean jokatuko da partida Zarautzeko pilotalekuan-.

Finala, ohikoa denez, uztailaren 7an jokatuko dute enpresa bakoitzeko garaileek, Iruñeko Labrit pilotalekuan.

Nafarroako Txapelketa

Frontis enpresak antolatzen duen Nafarroako Lau eta Erdiko Txapelketan 14 pilotari ari dira parte hartzen aurten. Txapelketa, momentu honetan, final-laurdenetan dago.

Lehiaketa lau taldez osaturik zegoen final-zortzirenetan. A taldean, Larramendik Mitxelenari irabazi zion (22-18); B taldean, Alvaro Gomezek lortu zuen garaipena Camarero II.aren aurka (22-15); C taldean, Antxiak lortu zuen hurrengo kanporaketarako txartela Gorritiri 22 eta 9 irabazi ostean; eta D taldean, Amantegi gailendu zen Urdanizen aurka (22-11).

Final-laurdenetan bi neurketa jokatu dira orain artean. Lehenean, Arretxek menpean hartu zuen Alvaro Gomez (22-7) eta, bigarrenean, Mikelek Amantegiri irabazi zion (22-14).

Kanporaketa horretako beste bi neurketak honakoak dira: Antxia Bengoetxea VII.aren aurka eta Nagore Larramendiren kontra. Finala uztailaren 12an jokatuko da Iruñean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo