Urteko egunik luzeenak astronomia eta ohiturak bideratu ditu mendeetan
Ohiturei jarraiki solstizioa San Juan egunean ospatzen bada ere, ekainaren 21ean izaten da. Aurten goizeko 7:46ean iragango da Euskal Herrian. Antzinako garaietatik astronomia zein sinesmenen eremuetan momentu garrantzitsua da egunik luzeena.
Idoia ERASO
Hiru astez eguzkia ez dela mugitzen ematen du. Hau da, egunak argitzean, eguzkia eskuinetara joan beharrean gorantz doala ikusten da. Solstizioaren garaian gertatzen da hori». Euskal kostaldeko astronomia elkarteko Jacques Aurian astronomoaren hitzak dira. Eguzkiaren ibilbidearen aldaketa horren lekuko dira gizartean zabaldu diren ohiturak eta erranak, esaterako, honakoa dio esaera zahar batek, San Juan egunari buruz: «Eguzkia dantzan altxatzen da».
Urteko egunik luzeenean eguzkiak hamasei orduz argitzen du, eta gauak zortzi ordu baino ez du irauten. Neguko solstizioan, alderantziz. Aldaketak ez du bakarrik argi orduen kopuruan eragiten, eta eguzkiaren sarreran ere ikus daitekeela nabarmendu zuen Jacques Aurianek: «Kostaldetik begiratuta, neguan eguzkia mendietan sartzen da; udan, aldiz, itsasotik agurtzen gaitu».
Euskal Herrian eguzkia ez da inoiz zenitera heltzen, udako solstizioaren inguruko egunetan 7Oº-ko inklinazioa hartzen du, eta neguko solstizioan 23º besterik ez du. Inklinazio horrek udako berotasunean duen garrantzia nabarmendu zuen Jacques Aurian adituak: «Udako solstizioa da Eguzkia Lurretik urrunen dagoen eguna, inklinazioa oso garrantzitsua da». Horretaz gain argiaren ordu kopuruak ere gure planeta berotzeko denbora gehiago ematen diola azpimarratu zuen zientzialariak.
Inklinazioari esker gertatzen diren bestelako fenomenoen berri ere eman zuen. Igandean, eguzki ordutegiko eguerdian, itzalak islatzen duen objektu edo pertsonaren tamainaren erdia neurtuko du; neguko solstizioan, aldiz, bikoitza. «Pertsona batek metro bat eta hirurogei neurtzen baldin badu, igande eguerdian haren itzalak laurogei zentimetro neurtuko du», azaldu zuen Aurianek. Udaberri eta udazkeneko ekinozioetan, aldiz, itzalak tamaina bera izaten du, zehazki.
Bestalde, igande eguerdian Kantzer tropikoan dagoen batek ez du itzalik izango, Eguzkia Lurrarekiko 90º-tara egongo baita, zenitean. Neguko solstizioan, aldiz, Kaprikornio tropikoan daudenei desagertzen zaie itzala. Itzalaren gorabehera horiei esker, K. a. 235. urtean Eratostene zientzia gizonak, Alexandriako liburutegiko zuzendari ere bazenak, Lurraren zirkunferentzia kalkulatzea lortu zuen. Egungo zientifikoek kalkulatzen dutenarekin alderatuta, 300 kilometroko hutsa egin zuen.
Antzinako garaietatik begiratzen du gizakiak zerura. Eguzkia, ilargia eta planeten kokapena direla-eta hainbat ohitura eta eraikin sortu dira gizarte guztietan.
San Juan eguneko ohiturak
«Udako solstizioan suak, urak eta belarrek garrantzia handia dute», azaldu zuen Euskal Herriko sanjoanetako ohiturez bi liburu idatzi dituen Juan Garmendia Larrañagak. Suarekin lotura duten ohiturak dira toki gehienetan atxiki direnak. Suaren gainetik salto eginez «hazteria eta sorginak aldentzeko». Mendietan, bidegurutzeetan eta baserrietan ere pizten ziren suak.
Urarekin lotutako ohiturak ia guztiz galdu dira. Duela hamarkada gutxira arte gorputza garbitzeko ibai eta erreketara joaten zen jendea, Biarritzeko hondartzan ere bazen ohitura hori. San Juan iturriak ere baziren.
Belarrekin zerikusia duten ohiturak anitzak dira. Toki batzuetan belar onak bildu eta bedeinkatu ostean, irakiten zituzten, ondoren ura edanez gaixotasunak sendatzeko. Donibane Garazin gaur egun ere gurutze forma duen landarearen belar sorta jartzen da etxe atarietan.
San Juan eguna sorginkeriarekin lotzen dugu, baina Claude Labate ikerleak lotura gutxi dagoela dio: «Sorginak eta gaueko beste izaki batzuk uxatzeko hainbat erritu egiten ziren. Eguerdi eta gauerdian akelarreak ere egiten ziren antzina».
«Aurten Pluton planeta -nahiz eta orain estatus hori kendu dioten-, eguzkiaren sarrerarekin kontrakotasunean dago, 180º-tara hain zuzen. Pluton heriotza eta berpizkundearen ikurra da. Hamasei urtez Pluton Kaprikorniotik ibiliko da» azaldu zuen Pilar Eresta astrologoak.
Plutonen kokapenaren eraginez, sistema kapitalistaren hondoratzea etorriko dela azaldu zuen Erestak, «egitura guztien aldaketa eta erortzea etorriko da, eta dena berrituko da». Zaharra deseginez zerbait berria etorriko dela ere aipatu zuen, eta gaineratu zuen planetak egoera honetan egon ziren azken aldia, Frantses Iraultza eta Estatu Batuetako independentziaren urteak izan zirela.
Udako solstizioak Kantzer zeinuaren sarrerarekin batera dator, «ziklo bat hasten da, karramarroa bezala zaurkorra den garai batean. Ilargiak zuzentzen du Kantzer, eta beraz fase ezberdinak izango dira». I. E.