GARA > Idatzia > Kirolak > Arrauna

KE 2 Liga

Deustuk bere historiako aurreneko bandera lortu du

Urteko lehenengo estropada nahiko arraroa suertatu zen, Hibaika eta Raspas egotzi zituztelako. Mundakako XI. Ikurrina jokatuko da gaur eguerdian.

GARA | BILBO

Deustuko Arraun Taldeak bere historiako aurreneko garaipena erdietsi zuen atzo Galiziako uretan. Gozongo V. Bandera eraman zuen, eta, ondorioz, KE 2 Ligako lidertza eskuratu zuen.

Iaz ez bezala -iaz Astillerok nahi izan zuen guztia egin ahal izan zuen-, aurten emozio handiagoa izatea espero da KE 2 Ligako estropadetan. Baina horretarako, traineru guztiek beren benetako maila erakutsi beharko dute. Ez atzo bezala, non bi traineruk, Hibaikak eta Raspasek, hain zuzen, ezin izan zuten inolako punturik pilatu, arrazoi ezberdinak tarteko, epaileek egotzi egin baitzituzten. Bestetik, epaileek hiru segundorekin zigortu zuen Luanco beren esanei jaramon ez egiteagatik.

Erloju kontrakoa izan zen denboraldiko lehenengo estropada, baina horrek ez zituen arazoak saihestu. Hala, aurreneko txandan parte hartu zuten Hibaikak Raspas abordatu zuen, eta beraz, kalean geratu zen. Raspaseko arraunlari batek, berriz, uretara jauzi egin zuen eta hargatik geratu zen lehiaketaz kanpo. Deustu Arraun Taldeak aurreneko txandan ekinez, nabarmen lortu zuen denborarik onena; izan ere, 23 minututik behera nabarmen jaistea lortu baitzuen.

Trintxerpeko trainerua izan zen bigarren txandako denbora onena egin zuena; Colindres ere, hirugarren denbora onena egin zuena, bigarren txandan aritu zen.

Mundakako Ikurrina

Bigarren estropada gaur bertan izango du KE 2 Ligak. Goizeko 11.30etik aurrera, Mundakako XI. Ikurrina jokatuko dute.

Lasterketa modura jokatuko da estropada, Mundakako Arraun Taldeak antolaturikoa berau. Launa traineruk parte hartuko dute lehenengo bi txandetan, eta bostek ekingo diote hirugarrenari, betiere atzoko sailkapenaren araberako hurrenkeran. Hiru ziaboga izango ditu estropadak, hiru itsas milia bete arte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo