Harri-jasotzea Marka saiakera
Aimar Irigoienek 18 aldiz jaso du 200 kiloko kopa
Errezildarrak lan bikaina egin zuen, 15 jasoaldi inguru egiteko asmoa baitzuen.
Jon LEUNDA | DONOSTIA
Aimar Irigoienek ez zuen hutsik egin atzo Tolosan egin zuen marka ahaleginean, eta 18 jasoaldi eman zizkion 200 kiloko zilindro kopari. Errezildarrak hiru minutuko bi txanda izan zituen, eta berriro ere ahozabalik utzi zituen Tolosara bertaratu ziren zale guztiak.
Aimar tartean baldin badago, denak itxaroten dute zerbait handia ikustea. Horrelakoa da errezildarra. Ona, oso ona, gutxi bera bezalakoak, eta plazara doanean gutxitan egiten du huts, eta atzo ere horixe ikusi zen. Lehen txandan bederatzi aldiz berdindu zuen harria bizkarraren gainean, eta txalo artean utzi zuen zezen-plaza.
Hartu beharreko atsedena hartu ostean, berriro plazaratu zen, eta beste bederatzi aldiz berdindu zuen harria bizkarrean, eta guztira 18 jasoaldi eman zizkion, eta hortxe geratuko da marka, orain arte harri horrekin ez baitzegoen beste markarik, eta beste inork apurtzea ere ez da erraza izango.
Amaieran, oso gustura zegoen errezildarra: «Oso pozik nago. Gustura aritu naiz lanean, eta azkenean uste nuena baino marka hobea egin dut. Ez nago kexatzeko moduan», esan zuen.
Aimar gaur bertan arituko da Adunan, eta beste behin bera zuzenean ikusi nahi duenarentzat, herriko pilotalekuan izango den jaialdian parte hartuko du, berriro ere lan handi bat egiteko asmoarekin (18.00).
Besteak
Atzoko Harri Festan, beste bi ekinaldi ere izan ziren. Harri zulatzen, Altzo eta Jaizubia neurtu ziren, eta azken hauek lortu zuten garaipena, aurretik iragar zitekeen moduan.
Taldekako gizon-proban, berriz, Orio-Usurbil izan zen onena, eta beraiek eraman zuten San Juan saria.