GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Jaien magiak 400 lagun inguru bilduko ditu gaur herri afarian

San Pedro jaiek ekitaldi ugari utziko dituzte Diman hurrengo bost egunotan. Aurreko domekan, motorrak berotu zituen artisautza eta nekazaritza produktuen azokak, eta gaur herri afariarekin eta ondorengo erromeriarekin berreskuratuko dute jai giroa. Jai batzordeak 400 lagun inguru bildu nahi ditu mahai inguruan. Bihar, Txan magoa izango da Diman, umeei zuzenduta baitago egitaraua, eta hainbat eskaintza izango dira goiz eta arrasti partean.

p023_f02_54615.jpg

Nerea GOTI |

Jaiak hasi baino, berreskuratu egingo dituzte gaur dimarrek, joan den igandean ospatu baitzen artisautza eta nekazaritza produktuen azoka. Gaur, jai-giroa berriro berotzeko asmoz, azken urteetan tradizio bilakatu den herri afaria izango dute. Antolatzaileen esanetan, 400 lagun inguru bilduko dira mahai inguruan, eta postreen ostean dantza egiteko aukera izango dute Lotxo taldearen eskutik.

«Azken urteetan jai baketsuak izatea lortu dugu. Herriko jendea parte hartzera animatu eta ea ondo ospatzen dugun», azaldu du Lore Bilbao kultura zinegotziak jaiek sortzen duten magiari deituta.

Biharkoa ere, egun magikoa izango da Diman. Bereziki haurrentzat prestatutako ekitaldiak izango dira, esaterako, Txan magoarena, 17.30ean. Goizeko hamarretan puzgarriak izango dituzte haurrek jostagarri, baita quad-ez ibiltzeko aukera ere.

Magia ikuskizunen ostean, arrastian, buruhandiek korrika eta erraldoiek dantzan jarriko dituzte txikiak. Eskolako guraso elkarteak hartu du horren ardura, eta gutxi izango dira kalean geldi geratuko direnak.

Gainera, ostiralekoa ez da izango agerraldi bakarra, larunbatean 19.00etarako daude deituta, eta 13.30erako igandean.

Gauerako indarrak gordetzen dituztenek Arantza eta Pantxo bikotearen kantaldian gozatuko dute, eta Joxpa taldeak erromeria eskainiko du ondoren.

Larunbateko proposamenei dagokienez, marmitako eta ogi txigortu usainarekin hasiko da eguna, eta 14.30ean lapikoak eta erretiluak aurkeztuko dira. Esku pilota jaialdia izango da 16.00etan, eskalada txapelketa 18.00etan, eta herri kirolak herriko jendearen artean, 19.30ean. Gauean, ohiko rock kontzertua izango da 23.00etan hasita, Gatibu eta Jaik taldeekin, eta Amaiurren erromeria ondoren. Errepresaliatuei elkartasuna adieratzeko unea ere izango da, preso eta errepresaliatuen aldeko omenaldia izango baita 00.30ean.

Igandean, Ochote Muñatonesekin abiaraziko da egitaraua 12.30ean, eta Dimako Gazte Barri dantza taldearen agerraldia hasiko da ia batera. Haurrei euskal dantzak irakatsi zizkien Goratziri omenaldia egingo diote erakustaldian.

Arrastian, 19.00etan, Xabi Paya, Jexus Mari Irazu, Aitor Mendiluze eta Uxue Alberdi bertsolarien saioa izango da, bertako eskolak antolatuta, eta 20.30etik aurrera Euskal Kanturik Onena.

Lau txosnek borobiltzen dute San Pedro jaien eskaintza, gazteen, errugbi taldekoen, motorzaleen eta errepresaliatuen aldeko ekimenaren eskutik.

San pedro eguna

Astelehenean, San Pedro eguna, hain gazte ez direnen eguna izango da. 85 urte dituztenei omenaldia eskainiko zaie, eta 65 urtetik gorako guztiak bazkaltzera gonbidatuta daude.

jaietako kartela

Aurtengo San Pedro jaiak iragartzen dituen kartela Zornotzako Nafarroa zentroko adimen urriko gizon-emakumeen lana da, beraiek irabazi baitute lehiaketa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo