GARA > Idatzia > > Euskal Herria

«Orain arte ahots gehiegi izan ditugu ikastolen mugimenduan»

p021_f01_111x111.jpg

Koldo Tellitu
Euskal Herriko ikastolak kooperatibako presidentea

Koldo Tellitu (Barakaldo, 1966) da pasa den ekainaren 13an sortu zen Euskal Herriko Ikastolak kooperatiba berriko presidentea. Orain arte, Ikastolen Konfederazioko lehendakaria izan da, baina aurretik Partaideko buru ere izan zen, baita Leioako Betiko ikastolako presidentea ere. Abokatua ikasketaz, bizitza osoa darama ikastolen mugimenduari lotuta.

Maider EIZMENDI

Euskal Herriko Ikastolak kooperatiba sortu ostean, hausnarketa prozesuaren gorabeheren, oztopo eta nabarmentzekoen, zein aurrerantzean dituzten erronka nagusien gainean mintzatu da Koldo Tellitu, sortu berri den erakunde berriaren presidentea.

Euskal Herriko Ikastolak kooperatiba sortu berri duzue, zein gabeziak edo hausnarketak bultzatu du aldaketa?

Bereziki ikastolen mugimenduan eta ikastoletan orokorrean bazegoen egonezin bat aurretik genuen antolaketa kolektiboaren inguruan; erraztu eta eraginkorrago egin nahi genuen. Izan ere, antolaketan federazioak zeuden, Autonomia Erkidegoan Partaide, orokorrean Konfederazioa... Beraz, korapilatsua zen oso. Bestalde, horrenbeste erakunde izanda, Euskal Herriko erakunderik ez zegoen ikastoletatik gertu eta hori ere konpondu nahi zen; ikastolengandik gertukoa eta erabakiak hartzeko orduan ikastolen partaidetza zuzena ahalbidetuko zuen egitura bat nahi genuen azken batean. Egitura ulerterraza, bai etxekoentzat, bai kanpora begira, ahots bakarra izango baita aurrerantzean. Orain arte ahots gehiegi izan ditugu ikastolen mugimenduan.

Ez al duzu egitura zentralizatuegia sortzeko beldurrik?

Ez. Azken batean, zentralizazioa zerbitzuetan emango da, batez ere. Horrek aukera emango digu, gainera, ikastola guztietara errazago iristeko. Orain arte zerbitzuak sakabanatuta egon direnez, askotan zerbitzu horiek lurralde batean indartzeko edo ikastola bati bereziki emateko zailtasunak genituen. Orain posible izango dugu Euskal Herri osorako plangintza bat egitea, eta arazoak non dauden jakin eta detektatuz gero, bertan indartuko ditugu gure zerbitzuak. Zentralizazioa ordea, enpresan ematen da, ikastolek parte-hartze handiagoa izango baitute. Orain arte Konfederazioan ez zeuden ordezkatuta, bertan lurraldetako federazioak zeudelako. Orain ikastolek batzarrean beren ahotsarekin eta beren bozarekin parte hartuko dute eta erakunde nagusiarekin harreman zuzena izango dute. Helburua, beraz, ez da zentralizatzea izan, ikastoletatik gertuago egotea baizik.

Zein da hausnarketa prozesu honetan nabarmenduko zenukeen datua?

Bi urte eta erdiko ibilbidea izan da eta izan dugun eztabaidaren eta kontrastearen bidea nabarmentzekoa da. Denbora hori eman dugu ideiak biltzen, ordenantzak adosten, testu honetan jasotzen. Ikastolen mugimenduko kide guztiak izan dira protagonista eta aurkezpenak egin ditugu ikastola ugaritan.

Gainditu beharreko oztopoak ere izango ziren.

Logikoki Euskal Herri osoko erakunde bat egitean lurraldetasuna izan da traba nagusia. Gure herrian lurraldetasun irizpidea oso barneratuta dago eta lurralde bakoitzak nahi ditu bere berezitasunak mantendu era trinkoan. Zentzu honetan lan egin dugu, eta egia esan berezitasun batzuk mantenduko dira, batez ere, Iparraldean eta Nafarroan. Aurrerapauso hau ematean lurraldetasuna izan da gainditu behar izan dugu kontu nagusia.

Zein berezitasun dira horiek?

Iparraldean, esaterako, oraindik ere beraiek administrazioarekin dituzten harremanak, langile postuak edota diru-laguntzak jasotzeko, Seaskaren bitartez kudeatuko dituzte. Halaber, oso bereak dituzten zerbitzu pedagogiko batzuek bere horretan jarraituko dute han. Beraz, tentsio hori mantenduko dugu; Euskal Herriko erakundea izango gara, baina betiere kontuan izanda gaur egun dugun egoera.

Ahots kritiko batzuk azaldu dira hala ere.

Posible al da tamaina honetako prozesurik inolako desadostasunik gabe, gurea bezalako kidego zabalean? Estatutuen edukia zehazteko prozesu osoa aho batez eraman da. Eta aho-batekotasuna hautsi denean ere, ez da hautsi, ordea, kontsentsu zabala. Zamudion ekainaren 13an prozesua borobiltzeko egindako Ikastolen VI. Batzarrean Seaskako, Gipuzkoako eta Arabako ikastolen ordezkarietatik ehuneko ehunak prozesuaren alde bozkatu zuen, Bizkaikoei dagokienez, %85ek. Nafarren artean, ikastola bakan batzuetako ordezkariek izan ezik, beste guztiek ez zioten osotasunari azken baiezkoa eman, baina bai pasarte partzialei. Horiek urtea amaitu baino lehen gureganatzea da oraingo lana. Jada berrogeita hamarren bat ikastolak erabaki du bazkidetzea. Lurralde guzti-guztietakoak daude eta denetan ia ehuneko ehunaren aldeko botoekin hartu dute erabakia. Horiek dira datuak. Beste guztia espekulazioa da. Ez dut hori baino gehiago esango. Ikastoletan oso barneratuta daukagu etxeko trapu zaharrak etxean garbitzen direla. Ez dut nik idatzi gabeko lege hori hautsiko.

Datuak aipatzeko, zenbat langile izango ditu kooperatibak? Non izango du egoitza?

Langile kopurua ehun ingurukoa izango da eta egoitzari dagokionez, zentrala non jarri aztertzen ari gara eta zerga-egoitza erabaki behar dugu.

Enpresaren izaera kontuan hartuta, aitzindariak zarete.

Juridikoki kooperatiba europarra izango da. Europar Batasunak bere legedian eredu hori jasotzen du, hau da, mugaz gaindiko egitasmoei legez euskarria emateko. Europan egongo den bigarren kooperatiba europarra izango da, lehena Italia eta Suitza artean sortu baitzuten nekazaritza arlokoa. Aitzindariak gara, beraz, gure eremu geografikoan, baita hezkuntza arloan ere.

Zeintzuk dira hasiera honetan dituzuen erronka nagusiak?

Gisa honetako enpresa eratzea eta langileak batetik bestera eramatea da gure lehenengo erronka. Horrekin batera Plan Integrala ia adostuta dugu, baina erakunde berriaren artekaritza kontseiluak zenbait zehaztapen egin behar ditu. Ikastolek ere bazkidetu behar dute, gutxi-gutxika ari dira erabakitzen. Berrogeita hamar inguruk egin dute jada, eta beste batzuek hil honetan edota uda eta gero erabakiko dute asanbladan.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo