GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Aralarreko zinegotziek dimisioa aurkeztu ostean Aldundiak kudeatuko du Zaldibiako Udala

G.M.

Udal eta foru hauteskundeez geroztik, egoera berezia izan arren, azken hilotan ez zen zalaparta handirik entzuten Zaldibiatik; asteartera arte. Aralarreko lau zinegotziek eta Patxi Aierbe alkateak datozen asteotan dimisioa aurkeztuko dutela eman zuten aditzera udalerrian banaturiko aldizkari baten bidez. Ezker abertzaleari Udalaren kudeaketa adostuan «blokeoa» sortzea egotzi diete Aralarreko kideek, eta uztailetik aurrera, horiek dimititu ostean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren esku geratuko da Zaldibiako Udala kudeatzeko ardura.

2007ko maiatzaren 27an egin ziren udal eta foru hauteskundeetan, Aralarrek 435 boz jaso zituen eta EAE-ANVk, beste horrenbeste. Ezker abertzalea, baina, auzitegi espainolek legez kanpoko izendatu zuten Zaldibian. Horiek horrela, ezker abertzalearen eta Aralarren arteko hainbat hartu-emanen ondorioz, Udala kudeatzeko «adostasunean» oinarrituriko erabakiak hartuko zituztela hitzartu zuten bi indar politikook. Formula ezberdinak mahai-gaineratu baziren ere -esaterako, herri galdeketa bat egitea «berdinketa» hausteko-, azkenean, adostasuna irizpide erabakigarria izango zela hitzartu zuten.

Ika-mikak, hala ere, ez ziren bere horretan gelditu. Teorian, Aralarrek lau zinegotzi eta ezker abertzaleak beste lau izango balitu bezala jokatu duten arren, Aralarrek bosgarren zinegotzi bat izendatu zuen; eta horrek, ezker abertzalearen kritikak eragin zituen hitzarturikoa ez zutelakoan bete.

Dimititzeko erabaki irmoa

Orain arte Zaldibian alkate aritu den Patxi Aierbek GARAri adierazitakoaren arabera, «konponbidea lortu bagenuen ere, aurrera jo genuen jakinda ezinezkoa zela adostasunean oinarritzea Udala kudeatzeko orduan».

«Horregatik, gauza asko gelditu dira bidean, proiektu asko, baina min gehien egin duena udaletxe berriaren proiektuaren aurka ekitea izan da. Bakarrik eta indarrik gabe geratu gara. Soilik sinadura batzuk emateko ez du merezi Udalean jarraitzea», nabarmendu zuen Aierbek.

Hala, uztailean egingo dute azken udalbatzarra eta ordutik aurrera Gipuzkoako Foru Aldundia arduratuko da Zaldibiako Udala nola osatu edo nola kudeatu erabakitzeaz. Aierbek beren erabakia behin betikoa dela esan du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo