GARA > Idatzia > Iritzia > Jo puntua

Floren Aoiz www.elomendia.com

«Putxe» Lopez eta Francoren erregea

Madrilen hartuko zituen Lopezek Euskal Herrira itzultzeko indarrak. Ez du herritarren gehiengoaren babesa, baina Madrilen txaloak bildu ditu. Heroi bat da, Ebrotik gora kemenez Espainia zaintzen duen heroia, hots.

Ez naiz tronpatu. Ez nuen Patxi idatzi nahi, Putxe baizik. Putxerazoagatik, jakina. Lopez Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak osatzen duten autonomiaren Lehendakaritzara 100.000 herritarren bozak balio gabe utzi zituztelako iritsi baita. Espainiar nazionalistek gehiengoa dute Gasteizko Parlamentuan Alderdien Legeari esker, herriak beste zerbait esan zuen arren. Hau da Lopezen Gobernuaren jatorrizko bekatua, eta erro usteletatik nekez ateratzen dira enbor sendoak. Are gutiago hosto ederrik! Batzuek nahiko lukete guk hau ahaztea. Gustatuko litzaieke iruzurraren aztarnak ezkutatzea, eta denborak zilegitasun eza estaltzea. Ene ustean, berriz, hau ere oroitzapen historikoa da, gertaera hurbila izanik ere. Egindakoa oroitu beharra dagoelako. Hau eta egin dituzten iruzur guztiak, jakina. Nik ez dut atzendu Nafarroan hondarreko bi foru hauteskundeetan gauzatu zuten «putxerazoa». Ezta udal askotan ikusitakoa ere. Etengabe oroitu behar da benetako demokraziarik gabeko eremuan bizi garela. Hemen jendeak ezin duela gustuko boza eman, espainiar legeek horrela ezarri dutelako. Finean, espainiar epaileek erabakitzen dutela nor izan daitekeen euskaldunon ordezkari!

Madrilen izan da Lopez. Ongietorri beroa egin diote Europa Pressek antolatutako gosarian. Bertan Josu Jon Imaz zegoen, beste askoren artean. Nonbait, oso pozik jarri ziren han bildutakoak (Imaz barne?) Lopezek presoen senideak diru laguntzarik gabe utziko dituela iragarri zuelarik. Hurrengoan esaten baldin badu esnea erosteko edo tranbia erabiltzeko ETA gaitzetsi beharko dela txaloak jasoko ditu, halaber. Espainian krudelkeria eta neurri inkisitorialak ongi ikusita daude. Batez ere Estatuaren estrategiaren ahulezia nabarmentzen denean. Batez ere, espainiar nazionalismoak lehia politikoa irabazteko gaitasunik ez duelarik.

Madrilen hartuko zituen Lopezek Euskal Herrira itzultzeko indarrak. Ez du herritarren gehiengoaren babesa, baina Madrilen txaloak bildu ditu. Heroia da, Ebrotik gora kemenaz Espainia zaintzen duen heroia, hots. Eta hori gauza handia da han. Jakina!

Eta heroi hau alde batera utzita, beste batengana joanen naiz: Juan Carlos Borbonengana, hots, espainiar demokraziaren heroi nagusiarengana. Orain betetzen dira 40 urte Francok hautatu zuenetik. Diktadore faxistak orduan erabaki zuen Juan Carlos Borbon izanen zela espainiar estatuburua. Orduan esan zuen Francok dena lotuta eta ongi lotuta uzten zuela.

Putxerazoaren oroitzapen historikoarekin hasi eta erreformaren iruzurrarekin bukatu nahi dut. Horretarako, gogora ekarriko dut Juan Carlos Borbonek 1969an, Korte frankistek bere izendapena babestu ondotik egin zuen mintzaldiaren zati esanguratsu bat. Gaur egungo «demokrazia»ren erroak agerian uzten ditu. Halaber, putxerazoen ohitura nondik datorren ulertzeko lagungarria izan daiteke: «Quiero expresar en primer lugar, que recibo de Su Excelencia el Jefe del Estado y Generalísimo Franco, la legitimidad política surgida el 18 de julio de 1936, en medio de tantos sacrificios, de tantos sufrimientos, tristes, pero necesarios, para que nuestra patria encauzase de nuevo su destino».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo