GARA > Idatzia > > Ekonomia

«Merkatu gardena» egin dute Bilbon, elikagaien arloko espekulazioa salatzeko

Hamar euroan, Karrantzako bi litro esne, Izurtzako letxuga pare bat, Errigoitiko gazta zati bat eta Erraldeko okela. Prezio duinak erakutsiz, «elikagaiekin espekulatzen» dela salatu zuen atzo Bilbon EHNEk.

p031_f01_097x100.jpg

Nerea GOTI |

Hamar euroan, Karrantzako bi litro esne, Izurtzako letxuga pare bat, Errigoitin ekoiztutako gazta zati bat eta Erraldeko okelaz egindako hanburgesa paketea. Horiek izan ziren atzo EHNE sindikatuak plazara atera zituen produktuak; ez saltzeko, baizik eta banaketa enpresa handiek eta nekazaritza industrien «gehiegikeriak» salatzeko.

Arriaga antzoki aurrean egokitutako merkatuak erantzun ezin hobea izan zuen publikoaren aldetik. Ilara luzea osatu zen zabaldu aurretik, eta poltsa betetakoan, gehienetan erositakoarekin pozik agertzen baziren ere, bazen erosketa garestiegia iruditu zitzaionik ere.

Agian, hor dago koska, hain zuzen ere, prezioak kalitate bermearekin bat datozen eta benetan ekoizpen kosteei erantzuten dieten, edo horien azpitik ordaintzen zaien ikusi beharko bailitzateke.

Atzo ehunka lagunek 10 euroan eraman zuten poltsak 20 euro inguruko kostea izango luke merkataritza gune handi batean, Ainhoa Iturbe Bizkaiko EHNEko arduradunak azaldu zuenez. Ekoizleei ordaintzen zaiena eta kontsumitzaileoi eskatzen zaigun prezioaren arteko aldea gero eta handiagoa dela nabarmendu zuen, eta batez ere esnearen sektorean.

Zehaztu zuenez, iaz esne ekoizleei 40 zentimo inguru ordaintzen zitzaien esne litroko, eta, egun, 28-29 zentimo, ekoizpenaren kostua 50 zentimokoa denean. «Batez beste, maiatzean baserritarrek 2.000 eta 3.000 euro galdu» dituztela adierazi zuen Iturbek, eta horrek zenbait ustiategitan ateak ixtera behartu dituela esan zuen.

«Ez dugu esaten ez dutela irabazi behar, baina prezioak duinak izan behar dira, gure lana ordaintzeko modukoak», argitu zuen Iturbek. «Ezin dugu lapurreta honekin jarraitu», salatu zuen EHNE sindikatuko arduradunak, eta egoera honi buelta emateko aukera badagoela nabarmendu zuen.

Instituzioei esku hartzeko eskatu zieten atzo baserritarrek, eta prezioen behatokia antolatzeko eskaera berretsi zuten; «guri elikadura ekoiztea zenbat kostatzen zaigun kontrolatzeko eta kontsumitzaileei jartzen zaizkien prezioen arteko tarteak aztertzeko».

Kostuen eta azken prezioen artean dauden mozkin tarteek «hemen elikagaiekin espekulatzen dabiltzala» erakusten dutela salatu zuten EHNEkoek, eta Koldo Nabaskues EKA-OCUV kontsumitzaileen elkarteko arduradunak egoera honek dakarren ondorioa nabarmendu zuen: «Elikagaien banaketarako industriaren oligopolioa janari subiranotasunaren oinarrien kontra doa, ekoizleak ustiategiak ixtera behartzen ditu eta kontsumitzaileok aukeratzeko aukera gutxiago izatera».

«Janari burujabetasuna aldarrikatzen dugu hurbileko ustiategietatik eta herritarrei sasoiko eta hurbileko produktuak kontsumitzera dei egiten diegu», gaineratu zuen alde horretatik Nabaskuesek.

Bitartean, eta EHNE sindikatuarekin kontaktu bat izan ostean, Lakuako Gobernuak ez du neurririk hartu, atzo azaldutakoaren arabera, nahiz eta Patxi Lopez lehendakariak esne sektoreari laguntzeko neurriak hartuko zituela iragarri.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo