GARA > Idatzia > > Iritzia

Neoliberalak eta eskuindarrak elkarren aurka

Turkia Europar Batasunean sartzen ez uzteko frantziar eta alemaniar gobernuek baliatzen dituzten argudioak ez dira argiak. Alde batetik, argi dago arrazoiak ez direla ekonomikoak, Turkia merkatu handia baita merkatu berrien premian dagoen Europako ekonomiarentzat. Beste alde batetik, politikoak direnik ere ezin da besterik gabe baieztatu, gaur egun Turkian barne egonkortasuna bermatua dagoela baitirudi eta EBk ezarritako baldintzak aspaldi bete baitzituen Ankarak. Alegia, Turkia zuzenbide estatua da, kontzeptu horrek dituen muga guztiekin bada ere. Amaitzeko, Turkia Europa ez dela esateko arrazoi kulturalik ez dago, kontinentearen historia faltsutzen ez bada.

Paradoxikoki, europar neoliberal eta eskuindarrak dira Turkiaren atxikimendua oztopatzen ari diren indarrak. Hots, paradoxikoa da Europan gutxi direlako Erdoganek zuzentzen duen Gobernua bezain neoliberal eta eskuindarrak. Hartara, Mediterraneoaren alde bateko eta besteko eskuindarren artean aurki daitekeen alde nabarmen bakarra erlijioa da. Erlijioa eta etnia. Honek arrazaren auzira eramaten gaitu: arrazakeria da, gainetik aztertuta, aurki daitekeen arrazoi funtsezko bakarra. Beste guztia aitzakiak dira. Giza eskubideen alorrean, adibidez, Turkia EBn sartzen ez uzteko adina arrazoi baitaude gaur egun kide diren zenbait estatu Batasunetik kanporatzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo