Frederic Mayol idazle kataluniarra da Hugoenea Idazlearen Etxeko estreinako «apopiloa»
Idazleen sorkuntzarako gune den Hugoenea etxeak atzo jaso zuen lehenengo egoiliarra. Frederic Mayol kataluniarra da bera, eta hirugarren nobela amaitzera etorri da Pasaiara.
Ariane KAMIO | PASAI DONIBANE
Iragan apirilean Euskal Idazleen Elkarteak (EIE) eta Pasaiako Udalak akordioa sinatu ostean, dagoeneko gorpuztu da idazleen etxearen egitasmoa. Hugoenea izenez ezagutzen denak -Victor Hugo idazle frantsesak Pasai Donibanen egin zuen egonaldiari aipu eginez- atzo jaso zuen bere aitzineko egoiliarra. Frederic Mayol idazle kataluniarrak etxearen atarian jaso zuen lehenengo ongietorria Fito Rodriguez, EIEko lehendakaria, Maider Ziganda, Pasaiako alkatea, Iratxe Etxebeste, EIEko zuzendaria, eta Ander Poza, Kultura zinegotziaren eskutik. Mayol «harriturik» agertu zen jasotako harrerarekin, soilik eleberri bat kaleratu duenez, bere etorrerak hainbesterainoko garrantzia izan zezakeenik ez baitzuen uste.
Mayol hamabost egunez izango da Hugoenean, Kantauri itsasotik hurbil, ahalik eta isolamendurik eta kontzentraziorik handiena lortu ahal izateko. Bere helburua, dagoeneko hasia duen eleberria amaitzea izango da eta, bide batez, «etorkizuneko egitasmoetarako ideia berriak biltzea». «Pasaia ezagutzen nuen eta, Hugoenearen berri izan nuenean, berehala pentsatu nuen oso aukera ona zela esku artean dudan lana biribiltzeko», esan zuen. Lan hori «El lladre de paraules» da, bere hirugarren eleberria. Ba omen du beste proiektu bat, itsasoak banatutako bi hiri protagonista dituena, eta horri begira ere Pasaiako egonaldiak ideia bat baino gehiago emango diola uste du.
Idazle kataluniar honek haur eta gazte literaturan oinarritzen ditu bere lanak. Oraingoz eleberri bakarra plazaratu du, «L´aniversari robat» (Urtebetetze lapurtua), baina istorioaren bigarren zatia amaituta dauka dagoeneko eta azaroan aterako da argitara.
Hizkuntza urrituen eremu
Euskarak berak bezala eremu urria duten hizkuntzetako idazleei zuzendutako ekimena da Hugoenea. EIEren eta Pasaiako Udalaren arteko hitzarmen baten ondorio da. Horren arabera, Udalak EIEri etxebizitza txiki bat -apartamentu bat- utzi dio Donibanen, XIX. mendean Victor Hugok ostatutzat hartu zuen hartatik oso gertu. EIEk, berriz, euskaraz edo eremu urriko beste hizkuntzetan (katalanez, galizieraz, bretoieraz, frisieraz...) diharduten idazleen zerbitzura jarri du, bertan egonaldiak egin ditzaten, beti ere literatur sorkuntza sustatzea helburu. «Estatuaren babesik ezak, batetik, eta, bestetik, eremu zabaleko idazleak hobesten dituen merkatuak desabantaila nabarmenean jartzen dituzte eremu urriko idazleak. Hugoenea, bere apalean, desabantaila hori leuntzen laguntzeko tresna izan daiteke», agertu zuen Rodriguezek.
Idazlearen Etxea abian dela-eta, EIEk Victor Hugo idazle eta intelektual frantsesari «Hegats» izeneko monografikoa eskaintzea erabaki du. Aldizkariak (ehun orrialdetik gorakoa) Fito Rodriguez, Igor Estankona, Luis Mari Bandres, Jokin Apalategi, Mikel Alberdi eta Joxe Azurmendiren artikulu mamitsuak biltzen ditu.
Rodriguezek zehaztu zuenez, egitasmoaren izena ez da soilik Victor Hugo Pasai Donibanen egon zelako, baizik eta «bere literatura herriaren aldekoa zelako eta herri hizkerak goraipatu eta aztertzen zituelako». «Bere obra guztiarekin frogatu zuen sorkuntza herrian dagoela», gaineratu zuen.
A.K.