Pasaiako Portuaren kudeaketa «eraginkorra» eskatu diote Bueni
Oarsoaldeko ezker abertzaleak Pasaiako kanpo portuaren proiektua «astakeria itzela» dela esan, eta egungo portuaren kudeaketa «zorrotz eta egokia» eskatu dio Portu Agintaritzako lehendakari berri gisa izendatu duten Miguel Bueni. Gainera, Pasaiako kanpo portuaren eraikuntzaren aurka agertu ziren, eta baita zundaketa «ilegalak» egin izana salatu ere.Oihana LLORENTE |
Pasaiako Portu Agintaritzako lehendakari berri Miguel Bueni zuzendu zitzaion atzo Oarsoaldeko ezker abertzalea, eta egungo portuaren kudeaketa eraginkorra egiteko eta kanpo portuaren «negozio lotsagarria» bertan behera uzteko eskatu zion Trintxerpen eginiko prentsa agerraldian.
Egungo portua era «zorrotz eta egokian» kudeatuz, inguruari eta bertako herritarrei eragiten dizkien «kalteak murriztu eta eredu iraunkorra bermatzea posible» dela baieztatu zuten. Hala, herriak eta herritarrak aintzat hartuko dituen portu kudeaketa bat aurrera eramateko eskaria egin zioten Bueni.
Portua bera eskualdearentzat eta bertako herritarrentzat «estrategikoa» dela onartu arren, bestelako kudeaketa eredu bat «ezinbesteko» jotzen dute. Pasaiako badiaren biziberritzea kanpo kaiaren baitakoa dela sinetsarazi izana gogor kritikatu zuten ezker abertzaleko ordezkariek, eta eskualdeko herritarren beharren araberako biziberritze plana eskatu zuten aho batez.
EAJ aurretik eta PSOE orain, biak ala biak, «eredu eta proiektu berberaren alde» daudela esan zuten, eta gogor kritikatu zuten Buenek «kanpo portuaren, negozio espekulatzaile eta txikitzaile horren kudeaketan» aritzeko erakutsi duen asmoa. Bi alderdiak interes berberen «morroi» direla deritzo ezker abertzaleak, eta horren erakusgarri, Pasaiako kanpo portuaz gain, AHT eta eraiki nahi dituzten zentral termikoak aipatu zituzten. Horiekin guztiekin Gipuzkoa, eta bereziki Oarsoaldea, «salgai jarri» dutela deritzote eta haserre agertu ziren ezker abertzaleko ordezkariak.
Pasaiako kanpo portua egiteko erabilitako argudioak gainera, «ezin justifikatuzkoak» direla esan zuten makina bat argudio baliatuta. Gipuzkoako ekonomiak horrelako azpiegiturarik ez duela behar adierazi zuten, eta Euskal Herriko lurralde antolaketa aintzat hartuta, Bilboko eta Baionako portuak hor egonda, beste portu erraldoi bat eraikitzea ez dela inondik ere beharrezkoa.
Kanpo portua eraikitzeak gainera, Europako 2000 Natura Sareko gune den Jaizkibelen «suntsiketa» ekarriko lukeelakoan daude, baita diru publikoaren «justifika ezinezko gastua» ere.
Azpiegitura honen «benetako helburua» energia sortzeko zentrala ezartzea dela deritzo ezker abertzaleak, eta hori guztia, «interes ekonomiko eta enpresarial zehatzen mesedetan».
Kanpo portua eraikitzeko gainera, «guztiak balio duela» esan eta Udalari eskumenak «lapurtu izana», lur publikoa esku pribatuetan utzi dela eta Jaizkibelen baimenik gabeko zundaketak egin direla salatu zuten.
Gauzak horrela, Portu Agintaritzako presidente izendatu berriari, PSEko Miguel Bueni, kudeaketa egoki bat egin dezan eskatu zioten eta Gipuzkoako Aldundiari eskualdeko herritarrak eta udalak errespeta ditzala, haiek izan behar baitute, ezker abertzalearen aburuz, «biziberritzearen protagonistak».
Herritarrei ere dei egin zieten «iruzurraren aurrean geldirik ez egoteko», eta datorren uztailaren 4an Pasai Donibanen egingo den Jaizkibel Bizirik egunean parte har dezaten.
Mozioa
Bien bitartean, Herrerari buruzko mozioa aurkeztu dute herritarrek mila sinaduratik gora bildu ondoren. Mozioan Udala onartzen dute La Herrera ordenatzeko eskumena duen organo bakar gisa eta, hortaz, «herriko eta herritarren interesen alde» ez dezatela lan hori inongo administrazioren esku utzi eskatzen diote. Era berean, Herrerari buruz «herritarrek dituzten proposamenak ezagutu arte» ez dezala erabakirik har esan eta positibotzat jo du Udalak hasitako parte-hartze foroa.
Donostiako Club Vasco de Camping, Oreretako Urdaburu, Pasai Antxoko Jaizkibel , Irungo Erlaitz; Lezko Allerru; Pasai Donibaneko Itsas Mendi eta Oiartzungo Girizi mendi taldeek bat egin dute Jaizkibel Bizirik egunean egingo den mendi martxarekin.