GARA > Idatzia > > Mundua

Sarkozy presidenteak autonomia estatutua eskaini die martinikarrei

«Outremer» izeneko herrialdeetan urte hasieran bizi izan zen matxinadaren ondorioak ez dira amaitu. Parisek urrats berri bat eman eta, lehen aldiz, autonomia hitza aipatu eta irtenbide gisa eskaini dio Martinikari, independentziarako grina saihesteko bada ere.
p025_f01-97X128.jpg

GARA |

Nicolas Sarkozy presidente frantsesak Karibeko Martinika uharteari autonomia estatutu bat eskaintzeko erreferenduma iragarri du, bide batez independentzia ez duela inola ere onartuko ohartaraziz.

«Hau esatera etorri naiz hona, martinikarrei lurraldearen bilakaera instituzionalari buruz galdegiteko asmoa dudala, Konstituzioak ahalbidetzen didan bezala», azaldu zuen Estatu frantseseko buruak atzo Martinikako hiriburuan, Fort-de-Francen.

Eliseoko jauregira iritsi zenetik Estatu frantseseko buruak «Outremer» izendaturiko herrialdeetara egin duen hirugarren bidaian, uharteko biztanleek «hartu nahi duten bidea aukeratzeko askatasuna izango» dutela ziurtatu zuen Sarkozyk. Hala ere, aurretik bide guztiak ez dituztela zabalik ohartarazi zien, ez baitie «inola ere independentziaren auzia aztertzen utziko».

«Mahai gainean dugun eztabaidan independentziak ez du inolako tokirik. Ez gara Errepublikatik alde egiteko saiakerak antolatzen ari. Martinika Frantzia da eta Frantzia izaten jarraituko du», azaldu zuen Sarkozyk.

Subirotasunerako grina

Martinikako hautetsiek bertako hauteskundeak 2010era arte atzeratzea erabaki dute, bitartean herri-kontsulta bat deitu ahal izateko asmoz.

Urte hasieran, Martinika eta Guadalupe uharteetako biztanleek aste luzeetan eutsi zioten greba orokorrari, bertan dagoen pobrezia egoerak bultzatuta. Subiranotasunik gabe egoerari buelta ematerik ez dagoela-eta, auzi politikoa protesten ardatz bilakatuz joan zen.

1635. urtetik Parisen menpe dauden martinikarrak «kolektibitate» bihurtzeko erreferendumean ezezkoa atera zen garaile gutxigatik (50,48%) 2003an. Urte hartan Korsikan gertatu bezala, independentisten asmoak ez zituen inola ere asetzen proposamenak eta kontsulta Parisko Gobernuaren aurkako zigor gisa gailendu zen.

Oraingo honetan behintzat, orain arte hitz debekatua izandako autonomia aipatu du Sarkozyk, independentziarako grina saihesteko bada ere.

FRANTZIA

«Martinika Frantzia da eta Frantzia izaten jarraituko du», ohartarazi zuen Nicolas Sarkozyk Fort-de-Francera egin zuen bisitan.

matxinada

«Outremer»eko biztanleek pairatzen duten pobrezia egoera salatzeko greba orokorrak independentziarako grina indartu du.

2003

Martinikarrek «kolektibitate» bihurtzeko proposamenari ezetz esan zioten 2003an. Orduan ez zen autonomia hitza aipatzen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo