Euskaltzaindiaren historia eta istorio bizia, atzo, Hazparnen
Zer esan Euskaltzaindiaren 90. urteurrenean, Euskal Herriari esker oneko hitzak baino. Eskerrak zuei, zuen aurrekoei eta baita ondorengoei ere. Bai euskaltzainei, bai herritarrei, baita lagunei ere, gai izan garelako Ipar eta Hego Euskal herrian horrelako erakundea mantentzeko». Hitz horiekin eman zion hasiera Andres Urrutia euskaltzainburuak atzo Hazparnen izan zen urteurreneko hitzaldiari.
Idoia ERASO
Azkenean «e» letrari bukaera ematea lortu zuen osoko bilkuraren ondoren, euskaltzainek eta euskaltzaleek «historia eta istorio bizia»ren berri ematen zuten lau hitzaldi aurkeztu zituen Urrutiak. Historiaren parte diren Piarres Charritton eta Emile Larrek, Euskaltzaindiaren sorkuntzan eta garapenean garrantzi handia izan zuten bi euskaltzain ekarri zituzten gogora. Pierre Broussaini buruz mintzatu zen lehena, eta Jean Hiriart-Urruty apaiz eta «Herria» astekariko kazetaria hobeto ezagutzeko parada eskaini zuen bigarrenak.
«Hamabost minutu»
Urrutiaren aurkezpenak Charrittoni eman zion hitza, bere hitzaldiak «hamabost minutukoa» behar zuela argiki ohartarazi eta gero. Ordu laurden baino gehiago luzatu zen hitzaldiak euskararen akademiaren historiaren itzulia egin zuen, Hazparneko auzapeza izan zen Broussain oinarri hartuta. «Euskaltzaindiaren lehen asmatzaileetako bat eta sortzaileetariko bat zelakotz nor zen eta zer mirakulu egin zuen erran behar da», azaldu zuen euskaltzainak. XIX. mendean Resurreccion Maria de Azkue eta Pierre Broussainen artean izan zuten «euskararen ametsa» nabarmendu zuen. Donibane Lohizuneko euskal bestetan gertatutakoa ekarri zuen gogora: «Han piztu zen sua, akademiaren ametsa, euskara bateratuaren ametsa».