GARA > Idatzia > Iritzia > Txokotik

Gari Mujika Kazetaria

Gaixotasun kronikoak

Miranderen eskolakoa omen, eta bizi bitartean gau eta egun iraindu zuten. Baina hil bezain pronto San Pedroko basilikan santu bilakaturik agertzeko hautagai izendatuko zuten ziur. Eman direnak ikusita, «Michael, gogoan zaitugu» lelopean Bilbon manifestazioa egin zutela esanez gero, batek baino gehiagok aixe sinetsiko luke.

Gizarte gaixo honek heriotza bera ere aspaldi mailakatu zuen eta ez du sendatzeko asmo izpirik erakusten. Zendu berri den ahaideari negar triste bat eskaintzeko ezindu, baina halako eta bestelako «izarrei», ostera, nahi adina. Eta gaur Falujan edo Ramalan hil diren nerabeek ez digute loa lapurtzen. Hil dituzten bala edo mina horiek Eibarren edo Gasteizen, gure diruarekin egin dituztela jakin arren. Orain «mundu berde» baten aldeko apustuak zurituko ditu gizakion kontzientziak.

Eta gaixoez hitz egiten jarrita, herri honi erreparatu behar halabeharrez. Oraingoan, eri kronikoak hizpide. Ukaezina ukatzeko apustu tematian, larunbatean, makina bat donostiar aritu ziren poteoan, ertzainez josita. Urte luzeetan ziega ilun eta urrunetan preso egondakoari auzokideek ongietorri beroa eskaintzea ukatu nahian. Euren elkartean bazkaltzea galarazi, talde txikitan ibiltzera behartu eta tabernetara sartzean, eskatzea ere debekatu zuten ertzainek. Eta hortik gertu, Easo plazan, «zorrak ordainetan» ikuskizuna eskaini zuten Aresen borreroek beste ongietorri batean. Egurra banatu eta sari gisa bi atxilotu. Ase ez, eta ordu txikitan «terrorista» handi bat hartu zuten orain Intxaurrondoko koartelera joan-etorrian dabiltzan Mahoney partikularrok: parrandatik bueltan euskal preso politikoen pegatina soinean zeraman gazte bat.

Baina egunotako surrealismoa galantagoa izan da, zinez, Sabin Etxean. Agerian gelditu arren, lotsarik gabe, protagonismo politikoa berreskuratzeko murgildu diren zurrunbilo hutsal horretan, Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko erakundeetan bandera espainola inposatzeko alfonbra gorria belauniko ipini dutenean, larunbatean Gorbeiara martxa egingo dute ikurrina defendatzeko. Hemendik alde egitea baino ez nieke exijituko, baina hori baino lehen Gorbeiara joatea eskatuko nieke militar espainolei. Jeltzaleen desobedientzia politikoaren -edo barregarriaren- neurgailu ederra izango litzateke.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo