GARA > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak

Gurutze Isasti Amnistiaren aldeko mugimendua

Presoak, eskubideak eta mozio «politikoak»

Ohikoa bilakatu da gatazkan alde batean lerratutakoen giza eskubideak sutsuki defendatu eta haien urraketa txikienaren aurrean besteri gaitzespen irmoena eskatzen dioten fariseu horiek beste batzuenak urratzen direlarik ez ikusiarena egiten dutela irentsi beharra

Hilaren hasieran osoko bilkura egin zuen Oiartzungo Udalak, 700 herritarrek euskal preso politikoen eskubideak errespetatzeko eskaera izenpetu ostean, amnistiaren aldeko mugimenduak aurkeztu zuen mozioa eztabaidatzeko asmoz. EAE-ANVko sei zinegotzien aldeko botoei esker onartu zen euskal presoen eskubideak babesteko aldarria den mozioa.

Alabaina, Udalaren ordezkari goren den Aitor Etxeberriak eta amnistiaren aldeko mugimenduak bilkuran bertan salatu zuten legez, Udalbatza osatzen duten gainontzeko alderdietako ordezkariek uko egin zioten Euskal Herriak bizi duen gatazka konponbidean jartzeko funtsezkoa den eztabaidan beren jarrera azaldu eta bidezko ekarpenak egiteari. Oraintsu jakinarazi du Oiartzun Bai koalizioak ez duela udal batzarretan aurkez daitezkeen mozio «politikoen» eztabaidan parte hartuko, halakoek herritarren bizikidetza ozpindu besterik ez dutela egiten argudiatuz.

Zenbait gogoeta sorrarazten ditu arrazoibide horrek. Izan ere, politikariak ez al dira ba gizarte arazoak bideratzen ahalegintzeko herritarrek aldian-aldian aukeratutako ordezkariak? Ez al zaizkie herritarren eskariei zor? Ez al dute haiei erantzuten ahalegindu behar? Horrela jokatzea erabaki duten ordezkariak ez al dira, beren zereginei eta erantzukizunei muzin eginez, sekulako iruzurra gauzatzen ari? Herritarrekiko errespetu falta itzela eta utzikeria lotsagarria, nolanahi den ere.

Bestetik, zer da mozio «politikoen» kontu hori ordezkari politiko batzuen ahotan? Ala herri ondasunen kudeaketa gordina eta norberaren patrika edo alderdiaren kutxa betetzea besterik ez dute eduki nahi begien aurrean? Agintean egon diren bitartean nola jokatu duten ikusirik, ez da arrazoirik falta horrela izan daitekeela uste izateko.

Ez da hau gertatu den lehenengo aldia, zoritxarrez. Aitzitik, dagoeneko ohikoa bilakatu da gatazkan alde batean lerratutakoen giza eskubideak sutsuki defendatu eta haien urraketa txikienaren aurrean besteri gaitzespen irmoena eskatzen dioten fariseu horiek beste batzuenak urratzen direlarik ez ikusiarena egiten dutela irentsi beharra. Argi dago zer ezkutatzen den jokaera honen azpian eta gogor salatzekoa da EAJk eta EAk -ala Alkarbidekoak?- Madril eta Parisko gobernuek preso politikoen eskubide oinarrizkoenak ere urratzeari eman zaizkion honetan ez ikusiarena egin eta, herritarren zati handi baten eskaerari sor, itsu eta mutu azalduz, konpromisorik ez hartu nahi izana. Nor eta gerra zikinean nahasita egon direnen eta daudenen eskutik ibiltzeko inongo arazorik ez dutenak!

Bestalde, eskertzekoa da euskal presoekiko elkartasun adierazpen oro legez kanpo utzi eta kriminalizatu nahi duten honetan, eragin ditzakeen zigorrak zigor eta mendekuak mendeku, Oiartzunen egindako sinadura bilketan parte hartu duten herritarren jarrera zintzo eta eskuzabala, euskal preso politikoei dagozkien eskubideen defentsan eta pairatzen ari diren jazarpen basatiaren aurrean erakutsi duten konpromisoa duintasun aldarri ozena baita.

Hartara, aurreko legegintzaldian Oiartzungo alkate izan zen Martin Beramendik urratu zuen bideari jarraituz, euskal preso politikoen argazkiak kaleetatik desagerrarazi nahi dituzten honetan, argi eta garbi esan behar da ez dutela lortuko. Ez zuten lortu orduan, eta ez dute lortuko orain ere, ez ditugulako inoiz bakarrik utziko eta euskal presoek herri honetan duten errespetua eta biltzen duten maitasuna gailenduko zaizkielako haien aurkako indarkeriari eta larderiari.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo