GARA > Idatzia > Iritzia > Ikusmira

Bernard Madoff-ek egindako iruzurraren ardurak oraingoz argitu gabe geratuko dira

Bernard Madoffek egindako iruzurraren erruduna Madoff bera da, zalantzarik gabe. Hori adierazi du bera epaitu duen auzitegiak eta horregatik kondenatu dute 150 urteko kartzela zigorra betetzera, aukeran zuten zigorrik gogorrena. Bere ospe ona eta kontaktuak baliatuz Madoffek «iruzur piramidala» gisa ezagutzen dena antolatu zuen, mundu osoan zehar sakabanatuta zeuden bezeroak engainatuz. Nahita egin zuen, gainera, horren jakitun zela.

Nolanahi ere, argi dago honelako izaera zabala eta sakona duen iruzur bat, mundu mailan milaka eta milaka herritar kaltetu dituen iruzurra, alegia, ezin zaiola pertsona bakar bati leporatu. Gutxienez, ardura maila desberdinak daude urteetan zehar eman den gisa honetako iruzur batean, halabeharrez.

Izan ere, ardura pertsonalaz gain, Madoff kasuak sistema finantzarioak azken urteetan izan duen kontrol eza erakusten du. Eta honen ardura ez da pertsona bakar batena, Madoff izan edo beste norbait izan, baizik eta kontrol eza baimendu eta are bultzatu ere egin duten gobernu eta agentzia horiena guztiena. Horregatik, Madoff piramidearen erpina besterik ez da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo