GARA > Idatzia > Iritzia > Gutunak

Joseba Alberdi Fernandez | Zestoa

Zestoako zezenketen aurrean, ezker abertzalearen hausnarketa

Hainbat herritarrentzat gustukoa den eta beste askorentzat odoltsua eta krudelkeriaz beteriko ikuskizun honek, orain arte Udalaren babesa jaso izan du. Festetako egitarauan lehentasunezko tratamendua eman izan zaio eta urtero Zestoako jaietako aurrekontuetatik, zatirik garrantzitsuena horretara bideratu izan da. Beraz, ukaezina da gaiak duen garrantzia.

Zezenketen inguruko eztabaida azken urte luzeetako eztabaida dugu. Bi edo hiru zezeneko zekorketak behar duten, Udalak antolatzeari uko egiteko jarrera, haur eta gaztetxoei sarrera baimendu behar zaien... Baina, nola bideratu herritar ugari joaten den ikuskizun honen kudeaketa? Zilegi al da berauen etorkizuna herriko zinegotziek bakarrik erabakitzea? Hau guztia argitzeko bide egin nahian, orain elementu berri bat dugu mahai gainean: herri galdeketa.

Azken urte honetan, zezenketen inguruan iritzi ezberdina duen herritar talde batek, herri galdeketaren beharra ondorioztatu du auzi honen irtenbide modura. Aldi berean, Zestoako Udalari herri galdeketa antola dezala eskatu dio mozio baten bidez. Mozio hau ez zen onartu, PNVko (4) zinegotziek eta EAko (2) zinegotziek aurka bozkatu zutelako. Aldiz, ezker abertzaleko (5) zinegotzien babesa jaso zuen.

Guk herri galdeketaren planteamenduarekin bat egiten dugu, egokia iruditzen baitzaigu zezenketei buruzko eztabaida honi bide emateko. Herritarren parte hartzean sinesten dugu eta, beraz, herri tradizio honi jarraipena eman ala ez erabakitzea bidezkoa dela deritzogu. Gai hau alderdi logikatik planteatzea kaltegarria dela iruditzen zaigu, gai honen politizazioak eztabaida desitxuratzea besterik ez baitu ekarriko eta arduraz jokatzea dagokigu.

Herri galdeketaren emaitzak errespetatzeko prest gaude, baina, era berean, herritarren parte hartzea ukatzen den bitartean, herritarrei adierazi nahi diegu Udal Gobernuak bere kabuz zezenketak antolatzeko ardura ez duela bere gain hartuko. Udal Gobernuak Jai Batzordeak (bai zezenketei buruz bai jaien barruan antola lezakeen edozein ekitaldiri buruz) hartzen duen erabakia bere egiteko konpromisoa hartzen du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo