GARA > Idatzia > > Kultura

Eliseo Gil Euskotren-ek jarritako auziagatik agertu da epaitegian

Iruña-Veleiako zuzendari ohia Gasteizko Instrukzioko lehen Epaitegian izan zen atzo bere aurka dauden bi auzietan lehenagatik, hain zuzen ere, Euskotren-ek leporatzen dion iruzur delituagatik. Ostiralean epaitegietan izango da berriz, Aldundiak jarritako kereila kriminalagatik.

Itziar AMESTOY | GASTEIZ

Iruña-Veleiako afera, epaitegiei dagokien aldetik aurrera doa egun hauetan. Erromatar aztarnategiko zuzendaritza taldea osatzen zuten Eliseo Gil eta Idoia Filloy Gasteizko Instrukzioko lehen Epaitegian izan ziren atzo, Iruña-Veleiako babesle zen Euskotren-ek hasitako auzia dela-eta; baina ostiralean ere epaitegian agerraldia egin beharko du Gilek, kasu honetan, Arabako Foru Aldundiak hasitako epaiketagatik. Bigarren honetan, Gilekin batera Lurmen enpresako kide ohi den Oscar Escribano ere izango da, ustez ondareari kalteak egitea leporatzen dietela, eta, horrez gain, Gil eta Ruben Cerdanek, fisikari nuklearrak, iruzur salaketa bati aurre egin beharko diote.

Euskotren-ek bultzatu duen epaiketan, iruzur delitua dela-eta, 708.127 euro eskatzen dizkie Eliseo Gil eta Idoia Filloyri. Diru kopuru hori bi kontzeptutan arrazoitu dute: alde batetik, 2005tik aurrera emandako laguntzagatik -hau da, lehen ezohiko aurkikuntza topatu zenetik-, guztira 696.127 eurotara iristen dena; eta bestetik, 12.000 euro, aurkikuntza horiek publiko egin zireneko hitzorduek eragindako gastuengatik.

Bestalde, epaitegietako agerraldiak ez dira bi prozesu hauetara mugatuko, Eliseo Gilek berak auzibidera jo baitzuen Lorena Lopez de Lacalle Kultura diputatuaren eta sail bereko zuzendariaren aurka egiteko, bere irudiari egindako kalteengatik.

Ustezko faltsutasuna, kolokan

Epaitegietako bidea aurrera doan bitartean, aurkikuntzak egiazkoak direla defendatzen duten ahotsak hedatuz doaz. Adituen Batzordeak, iazko azaroaren 18an, Batzar Nagusien aurrean, aurkikuntzak faltsuak zirela ondorioztatu ondoren, Aldundiak kontua amaituta dagoela defendatu izan du. Behin-betikotasun hori kolokan jartzen dituzten ahotsak eta adituak gero eta gehiago dira, ordea, eta hainbat txosten eta ekimen anitz antolatzen ari dira, euren ikuspuntua zabaltzeko asmoz. Filologia eta Geologia arloan aditu dira batzordearen alderdi ahulak nabarmentzen dituzten bi izen esanguratsuenak. Alde batetik, Juan Martin Elexpuruk, Euskal Filologiako doktoreak, batzordean parte hartu zuten Joaquin Gorrochategui eta Joseba Lakarraren lanari erantzuna ematen dion txosten bat aurkeztu du, eta euskara zaharreko inskripzioak egiazkoak izan ahal direla adierazten du bertan.

Horrez gain, Koenraad Van den Driessche geologoak «El problema de la falsedad / autenticidad de los ostracones de Iruña-Veleia. Evidencias físicas» txostena idatzi du. Bertan, piezen argazkietan ikus daitezkeen ezaugarriengatik faltsuak ezin direla izan defendatzen du. Bestalde, bi aditu hauek eta Gil eta Filloy bilduko dituen hitzaldia antolatu dute uztailaren 7rako Gasteizen, Goiuri jauregian.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo