GARA > Idatzia > > Eguneko gaiak

Kronika | Irungo Alardea

Liskarrak liskar, Alarde mistoa pausoka, Alarde bakarraren bidean

Ainhoa Ruiz de Arbulorentzat ahaztu ezingo duen eguna izan zen atzokoa; alardearentzat pauso garrantzitsua. Emakume bat jeneral postuan izatea izan zen atzoko Alarde mistoan berritasun nagusia. Izan ere, alardean gero eta jende gehiagok parte hartzea edota espaloietatik babesa ematea jada ez da berritasun. Arratsaldean, irudi itsusiagoa: liskarrak tarteko Alarde mistoa gelditu egin zuten eta ertzainek parte hartzaileak jipoitu.

p004_f02_111x111.jpg

Maider EIZMENDI

Agerikoa da begiraden adierazpen gaitasuna, barne gogoa adierazteko duten balioa. Txilibitu soinuak hain bere dituen jaia, parte hartzaileen begiradaz uler daiteke, estima daiteke eta batez ere sentitu daiteke. Bederatzi eta erdiak jotzear zirela, jendea Urdanibia plazan biltzen hasita zegoen, begietan urduritasuna eta ardura, gutxika zabaltzen hasi baitzen parte hartzaileen artean goizean emakume batek herriko taberna batean jasandako erasoa.

Minutuak aurrera zihoazela urduritasuna eta irrika nabarmentzen hasiak ziren. Nerea Vazquez 27 urteko irundarra hamarrak alderako zegokion tokian prest zegoen. Zortzigarren urtez parte hartu zuen atzo Alarde mistoan. Gurekin hizketan baina begirada kaleko bide bazterretan jarria zuen: «Lehen apenas izaten zen inor, orain tokia hartzen aritu behar izaten dute, horregatik arrankada beti da emozionantea». Metro gutxira lasai, hura ere aldapan kokatutako jendeari begirik kendu gabe, Josebe Araña. Aurreko urteetan ere hor zegoen bera; aurten Alardearen barrura egin du salto. Lehenengoz bera atzo Alardean, eta urduritasuna baino ondo pasatzeko gogoa ikusten zitzaion aurpegian. «Irundarra izanda ezin nintzen bazterretik begiratzearekin konformatu».

Laster batean tronpeta soinua eta parte hartzaileak elkarri begira, «bagoaz!» esanez. Berehala lehen txilibitu soinuak eta espaloietatik berriz txaloak eta animo oihuak. Begiak zuzen eta burua tente abiatu ziren erritmoan aldapan gora, metroak pasa ahala orduan eta babes eta oihu gehiago. Tartean aldamenetara so, senitartekoei, lagunei, bizilagunei...

Unerik hunkigarriena

San Juan plazan hurrengo geldialdia eta Alardeko parte hartzaileak begi-bazterrez udaletxeko balkoia zainduz: bertan Aralarreko, ezker abertzaleko, EBko, EAko, Lakuako, Gipuzkoako Batzar Nagusietako, Berdintasunerako Defentsoriako eta Bilgune Feministako ordezkariak, besteren artean. Berriz ere, hutsunea alkatearena. Jose Antonio Santanok (PSE) Alarde diskriminatzailea agurtu zuen beste behin ere udaletxeko balkoitik, baina ez zuen gauza bera egin Alarde mistoarekin. Hutsuneak hutsune, San Juan plazan bizi izan zuen atzo Alarde mistoak eguneko unerik hunkigarriena eta Alarde mistoaren historian aldaketa esanguratsua.

Tronpeta soinuak iragarri ostean sartu zen plazara Ainhoa Ruiz de Arbulu jeneral lanetan, txalo artean, «gora gure jenerala!» oihuka ari zitzaizkiola. Emozioak jota plazan bildutakoak eta emozioa borborka bere begietan. «Emozio handia sentitu dut, momentu hunkigarria izan da», azaldu zuen ondoren. «Nire ama balkoian zegoen, nire ahizpa nagusia, nire semea eta nire alaba nirekin desfilatzen ari ziren, oso une berezia izan da eta hori ondo gordeta geratu zait betirako».

Goizean goizetik izan zen atzokoa egun berezia Ruiz de Arbulurentzat: «Atera naizen arte egonezin handia izan dut, behin zaldira igota lasaitu naiz». Jeneralarentzat egun berezia eta «Alardearentzat egun garrantzitsua»; izan ere, itzelezko pausoa izan da: «Bazen garaia!».

Gainerakoan, Alardeari zaldi gainetik tankera ederra hartu zion Ruiz de Arbuluk: «Oso kontentu gaude, batez ere, parte hartzaileen kopurua handitu delako; gainera, espaloietan gero eta jende gehiago dago, poliki poliki demostratzen ari gara hau dela etorkizuneko Alardea». San Juan plazan tropen ikuskatzea egin zuen eta hiru bider agindu zuen airera tiro egiteko. Hiriko bandera ere hartu zuten Alardeko ordezkariek, udaletxeko atean baitzituzten zain ezker abertzaleko, EBko eta Aralarreko ordezkariak.

Behin San Juan plazako egonaldia amaituta, Alarde mistoko kideak, 1.170 aurten, kaleetan barrena abiatu ziren txilibituaren doinuekin. Azken txanpan irribarretsu, askeago. Juncaleko ermitaren atarian amaitu zuten txalo artean pozez gainezka goizeko desfilea. Parte hartzaileak, Alardearen martxarekin kontentu.

Jipoiak arratsaldean

Txaloei ordea, berriz ere aurpegi serioek hartu zioten segidan tokia; goizean, emakume bati eraso egin zioten herrian, eta Alarde mistoa bukatu ostean elkarretaratzea deitu zuen Irungo Bilgune Feministak, atzokoa eta azken boladan herrian gertatutako eraso guztiak salatzeko.

Baina erasoak salatu ostean, arratsaldeko hitzorduan berriz ere erasoak. Kale Nagusia zeharkatzen ari zirela, jada zain zeuden Alarde diskriminatzaileko jarraitzaileak eta liskarra sortu zen Ama Xantalen konpainia igarotzen ari zenean. Udaltzainek esku-hartu zuten lehenik eta ertzainak bertaratu ziren ondoren.

Azken horiek, Alarde mistoko kideak ere jipoitu zituzten borraz eta ordu laurdenez Alardeak ezin izan zuen bere bidea jarraitu. Alarde mistoko kideek salatu zutenez gainera, ertzainak Alardeko kideak kameraz grabatzen aritu ziren.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo