GARA > Idatzia > Iritzia > Jo puntua

Sonia Gonzalez Idazlea

Aliantza mafiosoak

 

Tira, harira. Imajina ezazue lur zabala daukazuela eta laboreren bat landatu nahi duzuela. Lan handia ematen du horrek: laboreek gaixotasunak hartzen dituzte, zomorroak ibiltzen dira han-hemenka eta belar txarrak kendu behar izaten dira. Herbizidak eta intsektizidak sartzen dira orduan jokoan. Hauek komertzializatzen dituzten enpresek diru mordoa irabazten dute; hala ere, negozioa hobetu ahal da. Negozioa beti hobetu daiteke. Ez litzateke ederra izango, esate baterako, herbizida eta intsektizida hauek berez agoantatzen dituzten laboreen haziak ere saldu ahal izatea? Horixe da multinazional boteretsuenek hartu zuten bidea. Adibide ezagunena eta beldurgarriena Monsanto daukagu. Roundup herbizida komertzializatu ostean -munduan gehien saltzen den herbizida-, Roundup Ready soja sortu zuten genetikoki. Honela, herbizida zuzenean bota ahal da sojaren gainean eta, voilà, arazorik ez! Gaur egun munduan ereiten diren trasngenikoen %90 multinazional horrenak dira. Baina enpresa kimiko hau ez da betidanik «laborantzan» aritu. Horra hor bere produktu «izar» batzuk: aspartamoa (produktu light-etan erabiltzen den osagaia eta osasunerako kaltegarria izan arren debekatzen ez dena), behientzako somatotropina (esne gehiago produzitzeko, baina behiak gaixotu eta esnea kutsatzen duena; hau ere hainbat herrialdetan ez da debekatu), agente laranja (bost milioi biktima gutxienez Vietnamen gehi munduan zehar pestizida gisa hil dituen ehunka mila lagun), PCB (hondamendiaren beste sigla batzuk). Azken produktu hau 1976. urtean debekatu zuten AEBetan, minbizia eta bestelako gaixotasun hilgarriak sortzen ditu-eta. Txarrena da Monsantok 1937tik bazekiela hau guztia, hainbat dokumentuk agerian utzi duten moduan. Kasu honetan ere gobernuek ez ikusiarena egin zuten.

Nork sinistu ahal die transgenikoak arriskutsuak ez direla esaten dutenean? Nork sinistu ahal du hori, kontrako ikerketak egin dituzten hainbat aditu lanetik bota eta mehatxatuak izan direnean? Hau ez da txantxa eta ez da txikikeria. Arduraz jokatu behar dugu, denok, ekoizle zein kontsumitzaileok. Transgenikoak adibide bat besterik ez dira. Tokiko eta mundu mailako iraultza egiteko garaia da, lurra, bizia eta osasuna sos batzuen truke suntsitzen duten multinazional eta gobernuen arteko aliantza mafioso hauek behingoz garaitzeko garaia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo