GARA > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak

Felix Placer, Carmen Anaut eta Gregorio Ubierna Herria 2000 Eliza, Kristau Elkarte Herritarrak, EHko Apaiz Koordinakundea

Oroimena eta justizia

«Hileta-elizkizun bateratua» burutzea proposatzen dute gotzainek beren oharrean; espero dugu elizkizun horretan gogoan izango direla, era esplizituan, hainbeste laiko fusilatu, desagertu eta errepresaliatu eta, halaber, hainbat sufrimenduren injustiziaren salaketa

Oroimena, egia, barkamena» izeneko prentsa oharraren bidez, Bilbo, Donostia eta Gasteizko gotzainek «1936. eta 1937. urteetan gerra irabazi zutenek hil zituzten hamalau apaizei oraindik zor zaiena» eskaintzeko gogoa jakinarazi dute; «ahaztuak edo baztertuak izan direnei duintasuna aitortu eta beren etxeko eta sendikoen mina arintzen» lagundu nahi diete. Izan ere, baztertuak izan ziren ez bakarrik 498 «martiri» izendatutako zerrendan, baizik eta -herriaren aldeko pastoral zereginetan aritzeagatik erail zituztela kontuan hartuta, askoz ere mingarriagoa dena- beraien euskal eliz barrutian, gure gotzainek aitortzen dutenez. Berandu datorren arren, beharrezko eta garrantzitsu deritzogu gotzainen aitormen honi.

«Eraildako» hamalau euskal apaizen aldeko oharraren garrantzia azpimarratu eta gero, «gorrotoaren eta mendekuen biktima izan ziren exekutatu guztiak», bereziki, kontuan hartu nahi ditugu, gure gotzainek ere gogoratzen dituztenez. Euskal Herriaren bide ezberdinetan aritu ziren milaka pertsonen oroimena nabarmendu nahi dugu; era guztietako errepresioa jasan zuen herri baten identitatea herrialde guztietan, Nafarroa barne, ezereztu nahian ari zen erregimenaren aldetik. Izan ere, asko izan ziren fusilatuak, espetxeratuak, jazarriak, erbesteratuak eta estigmatizatuak, ehunka apaiz horien artean, Estatu frankistarekiko leial azaldu zen eliz hierarkiaren isiltasun konplizea eta sostengu laguntzailea tarteko izan zelarik. Horregatik, bada, «oroimenaren garbiketarako eta egia zerbitzatzeko» uste dugu beharrezkoa dela legezko erregimenaren kontrako altxamendu militarrean garaile gertatu zirenen injustizia historikoa eta, bai gerra garaian eta bai gerraostean, beraien herriarekiko leial azaldu ziren euskaldunen kontrako jazarpen ankerra salatzea. Horrela egin zuten, besteak beste, «Memoria dirigida a Pio XII por parte de varios miembros del clero vasco» dokumentuan (1944) eta Mateo Mujikak, bere erbestealditik «Carta abierta al presbítero Dn. José Miguel de Barandiarán. Imperativos de mi conciencia» gutunean (1945).

Gure gotzainek ausardiaz eta zintzotasunez bere gain hartzen duten «hutsegite eta erruen» aitorpenak bere eskubideak defendatu zituen Herriaren kontrako gerraren kausak eta urte luze eta atsekabetsuetan umiliatua eta mespretxatua izan denaren egoera salatzea eskatzen du ondorioz. Horrelaxe egin zuten, hierarkia isilik zegoen bitartean, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako 339 apaizek izenpetutako idazkian (1960); beraien kontzientziak eta erantzukizun pastoralak bultzatuta egin zuten eta, halaz ere, Elizak berak zigortu egin zituen. Salaketa hau behin eta berriz errepikatu izan da, gaur arte, lau herrialdeetan, hainbeste pertsonari sufrimendua eragiten dion gatazkaren sustraiak bere horretan dirautenean; iraganaldiko errakuntzetan berriz ez erortzea, lerraturiko jokabideak ekiditea eta Euskal Herriko gotzainek «Preparar la paz» (2002) izeneko gutun pastoralean errepikatzen zutenez, «ez indar itsuaren ala legearen agintekeria hutsaz... baizik eta elkarrizketa eta akordioaren bidez» konponketa bilatzea eskatzen da.

Beste ekintza batzuen artean «hileta-elizkizun bateratua» burutzea proposatzen dute gotzainek beren oharrean; espero dugu elizkizun horretan gogoan izango direla, era esplizituan, hainbeste laiko fusilatu, desagertu eta errepresaliatu eta, halaber, hainbat sufrimenduren injustiziaren salaketa. Hala ere, ekintza horretarako aukeratutako lekuan, Gasteizko katedral berria -Francok inauguratua- lehentasunezko tokian dago oraindik erregimen diktatorial haren sinbolorik adierazgarriena. Albait lasterren ezabatua izan dadila eskatzen dugu eta, zer esanik ere ez, orain bertan estalia, deitutako ekintza honi gotzainek eman nahi dioten «oroimenaren garbiketaren ezaugarri» bezala.

Gure gotzainekin batera, justiziaren baitatik egia zerbitzatzea bilatzen dugu, bakea eta adiskidetzea eraikitzea. Lehengo eta oraingo biktima guztiei laguntzea. Barkamena eskaini eta eskatzea. Horrexegatik, hain zuzen, justizia eskatzen dugu bai pertsonentzat eta bai Euskal Herriarentzat, eta ez bakarrik iraganean burututako injustiziengatik; orain bertan Euskal Herriaren egikaritze osoa eragozten duten zailtasun, oztopo eta ezeztapenengatik. Izan ere, Paulo VI.ak aldarrikatu zuenez, «herri guztien eskubideak, autodeterminazio eta independentzia eskubidea horien artean izanik, behar bezala aitortu eta ohoratuak ez diren artean, ezin izango da izan bake egiazko eta iraunkorrik» (1974). Eta Joan Pablo II.ak: «Talde etnikoei eta nazio-gutxiengoei diren bezalakoak izateko duten funtsezko eskubidea ukatzea da diskriminazio formarik lazgarriena. Eta horixe gertatzen da euren ezabatzea edo deportazioa saiatzen denean eta baita haien identitatea ezagutezina bilakatzeraino ahultzen denean ere». (Bakearen aldeko mundu-ekitaldian. 1999).

Gure Gotzainekin eta beraien ekimenei lagunduz, oroimen eta justizia osorako urrats bezala, «orainaldi eta etorkizun berria nola eraiki ikastea» nahi dugu, ebanjelio askatzailearekiko zintzotasunez bakea erdiesteko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo