GARA > Idatzia > > Ekonomia

Herria Abian!-ek herri mugimenduaren aldarrikapen guztiak biltzeko xedea du

Otsailetik aurrera egindako lanaren balorazio baikorra egin, eta aurrera begira jarri dira Herria Abian! plataformako kideak. Atzo azaldu zutenez, datorren ikasturtean, besteren artean, Euskal Herriko herri mugimenduaren aldarrikapenak jasoko dituen taula osatu nahi dute.

Iker BIZKARGUENAGA |

Heldu den ikasturtean Herria Abian! plataformak Euskal Herriko herri mugimenduak dituen aldarrikapenak jasoko dituen taula bat egin, eta horretarako prozesu parte-hartzaile bat abiatuko du. «Egunez egun herri hau aurrera ateratzen ari garenok elkartu eta gure etorkizunari buruz hitz egin eta erabakiak hartzeko unea iritsi da, baita arlo sozioekonomikoan ere» adierazi zuten antolakunde honetako ordezkariek Gasteizen egindako agerraldi jendetsuan.

Azaldu zutenez, helburutzat dute ere Herria Abian!-en hausnarketak hedatu eta horien inguruan jende eta taldeak biltzen jarraitzea, baita mobilizazioak bultzatzea ere herritarron eskubideak defendatzeko eta egungo egoeraren erantzuleak salatzeko. Helburu hauek guztiak, dena den, ikasturte hasieran egingo duten Lehenengo Biltzar Orokorrean zehaztuko dituzte, eta bitartean, aldaketa sozialerako bidean antolatzeko eta indarrak biltzeko deia egin zieten norbanako zein taldeei.

Aldaketa, oinarritik

Azken hileetako balantzea egin ostean, Herria Abian!-eko ordezkariek adierazi zuten «langileriak behar duen aldaketa» ez dutela egungo erakundeek gauzatuko, hauek dagoeneko ba omen dutelako «hitzarmen» bat patronalarekin. Horren adibide gisa, iragan maiatzaren 21eko greba orokorrean jazotakoa aipatu zuten, egun horretan, «sindikatuekin hitzartu gabe, gutxieneko zerbitzu neurrigabeak ezarri baitzituzten, greba eskubidea bera ere herren utziz». Hala, Herria Abian!-ek uste du «indarrak biltzen jarraituz, Euskal Herriak behar duen aldaketa oinarritik egiteko garaia» dela, herri honek ezin duelako «erakundeek emango omen diguten konponbidearen zain egon, argi utzi baitute noren mesedetan egingo duten lan».

Herria Abian!-ek otsailaren 14an martxan jarri zenetik egindako lanaren irakurketa egiteko erabili zuten Gasteizko prentsaurrekoa, eta «balorazio baikorra» egin zuten, beraien aburuz «borroken berpizkunde baten aurrean» baitago Euskal Herria. Ildo honetan, txalotu zuten dagoeneko ehun eragile eta ehunka lagunek babesa eman izana aldaketa sozialaren aldeko manifestuari, eta gogora ekarri zuten egungo egoerari buruzko diagnostiko bateratua egin dutela hainbat talderen ekarpenak jaso dituen prozesu parte-hartzailean.

Horrekin batera, plataforma honen jardunaz harago, nabarmendu zituzten azken hilabeteetan lan esparruan egindako mobilizazioak, etxebizitzaren aldekoak, etorkinen eskubideen aldekoak, auzo elkarteetatik bultzatutako ekimenak, azpiegitura erraldoien aurkakoak, data zehatzetan -martxoaren 8a, Maiatzaren Lehena...- eta Euskal Herrian izan diren hiru greba orokorren -bi Ipar Euskal Herrian eta bat Hego Euskal Herrian- izan duten arrakasta.

oinarriA

Gasteizko agerraldian salatu zuten agintariek energia nuklearraren eta azpiegituratzarren aldeko apustua egin dutela, «ekonomiaren oinarria» izan beharko luketen lehen eta bigarren sektoreak babesik gabe utziz.

biltzar orokorra

Datorren ikasturtean Herria Abian!-ek bere Lehenengo Asanblada Orokorra egingo du, eta bertan zehaztuko dituzte beren helburu nagusiak. Plataforma honek dagoeneko ehun eragileren eta ehunka lagunen babesa jaso du.

Politikariek eta patronalak jarritako oztopoak

Hilabete hauetako lanaren balorazio baikorra egin izanagatik, Herria Abian!-eko kideek klase politikoak eta patronalak elkarrekin jarritako «oztopoak» salatu zituzten, eta adierazi zuten horien nahia dela «krisiaren zama guztia langileriaren lepoan jartzea». Xede hori erdiesteko, gainera, hedabideek ematen dieten babesa kritikatu zuten. Honen aurrean, aipatu goi mailako politikari eta enpresarien interesak eta herriaren interesak «kontrajarriak» direla uste du Herria Abian!-ek.

Izan ere, krisiari aurre egiteko instituzioek ezarritako neurriak gogora ekarri zituzten, eta deitoratu zuten neurri horien oinarria dela «diru publikoa, guztiona, esku pribatuetara pasatzea».

Ildo horretatik, adierazi zutenez, instituzio publikoek bankuei eta finantza-erakundeei diru kopuru erraldoiak eman dizkiete; azpiegitura erraldoietan dirua xahutzen ari dira, «eraikuntzaren lobbyari» laguntzearren; enpresariei lagundu diete, langileen kalterako; eta zerga-politikaren bitartez, irabazien gaineko zerga murriztuz eta Ondasunaren gaineko zerga desagerraraziz, diru publikoa sakela pribatuetara bideratu dute. «Bitartean, herritarroi hondarrak uzten dizkigute», salatu zuten Herria Abian!-eko eledunek. I.B.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo