GARA > Idatzia > Kirolak > Tour

Euskal selekzioen ofizialtasunaren alde

IX. Bizikleta Martxa antolatu du ESAITek

«Ofizialtasuna izateko eskubidea nazioarte mailan aldarrikatzeko helburuarekin», asteburu honetan zenbait jarduera egingo dira Tourmaleten, Tourreko bederatzigarren etapa bertatik pasatzen dela-eta.

p030_f04_097x108.jpg

Imanol CARRILLO | DONOSTIA

Duela urte batzuetatik egiten den moduan, eta Tourrarekin bat eginez, Euskal Selekzioen Aldeko Iritzi Taldeak (ESAIT) IX. Bizikleta Martxa antolatu du asteburu honetarako, Sainte Marie de Campanetik hasi eta Tourmaleten amaituz.

Nazioartean jarraitzen den ekimena izanda Tourra, «ESAITen nahiak, eskubideak eta aldarrikapenak nazioartera eramatea» da taldearen helburuetako bat. «Ofizialtasuna izateko eskubidea nazioarte mailan aldarrikatzea da helburua», azpima-rratu zuen Mikel Uzkudun elkarteko kideak.

Horrekin batera, urteko proba garrantzitsu honetan euskal jarraitzaile eta txirrindulari ugari aritzen direnez, ESAITek Euskal Herriko kirolariak bereziki eta tropeleko guztiak orokorrean animatzeko asmoa du. Bi helburu hauek batuz, beste hirugarren bat sortzen da: «Jaia eta aldarrikapena batzea».

Bizikleta martxa igandean egingo dute, Tourreko bederatzigarren etapa Tourmaletetik pasatzen dela kontuan hartuta. Zaleek eta bertara inguratutako jende guztiak parte hartu ahal izango du ekimen honetan. Sta. Marie de Campanetik abiatuko da martxa (800 metroko altueran), 9.00etan. Beste aukera bat ere badago: La Mongietik hastea (1.667 metroko altueran).

Mendatea igotzen duten bitartean, gainera, txirrindulariek euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez idatzitako foiletoak banatuko dizkiete errepide bazterrean dauden jarraitzaile guztiei, ESAIT zer den eta bere helburuak eta aldarrikapenak zeintzuk diren azaltzeko.

Larunbatean, euskal jaia

Hasieratik Tourmaleteko mendi-gainera iristeko 17,5 kilometro egin behar da, baina antolatzaileek argi utzi zuten «lasai-lasai egingo den aldarrikapen martxa» izango dela. Hala, 11.00etan edo 11.30 aldera iristeko programatuta dute. Amaieran, hamaiketakoa egongo da ESAIT gunean.

Igandeko bizikleta martxaren aurretik, ordea, euskal jaia antolatuko dute larunbaterako, 19.00etatik aurrera, ESAITeko gunean. Bertan, euskal musikaz girotuta, nahi duten guztiek txistorra, gazta, irasagarra, sagardoa eta garagardoa dastatzeko aukera izango dute.

Horrez gain, tokan jokatu ahal izango dute denek, eta antolatzaileek adierazi zutenez, «ezustekoren bat ere izango dugu, urtero izaten baita zerbait: bertsolariak, abeslariak...».

Asteburuko ekimen honetan parte hartu nahi duten guztiek, Sta. Marie de Campanera iristeko A-8 (Donostia-Baiona) autobidea hartu behar dute. Baionan A-64 (Paue-Tolosa) autobidea hartu ondoren, 12. irteeran utzi (Tarbes-La Mongie-Bagneres de Bigorre), eta Bagneres de Bigorreko bidea hartu behar da. Azkenik, «La Mongie-Tourmalet» kartelari jarraitu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo