GARA > Idatzia > Kirolak > Arrauna

«Opor luzeagoak izateak on egin digula uste dut»

p036_f01_199x116.jpg

Gaizka GARMENDIA

SAN PEDROKO PATROIA

Bigarren urtea du «Libia» zuzentzen eta igandean moreekin aurreneko aldiz bandera bat astintzeko aukera izan zuen. Entrenatzaile izateko proposamenari uko egin arren, gogoz heldu dio denboraldiari.

Asier AIESTARAN |

Gaizka Garmendiak (Zarautz, 1973) beti bezain jator erantzun dio GARAren deiari. Negu arraro samar baten ostean, une gozoak bizi ditu San Pedro aldean.

Kirola zer izaten den. Iaz hainbestetan horren gertu egon eta aurten bigarrenean bandera.

Poz izugarria izan zen. Oso gertu ibili ginen iaz. Ez TKE Ligan soilik, Gipuzkoako Txapelketan eta Euskadiko Txapelketan ere bigarren amaitu genuen, eta gogo izugarria genuen jendeari bandera bat eskaintzeko. Puntan ibiltzeko bakarrik ez, irabazteko ere gai garela erakutsi nahi genuen. Zorionez, aurreneko asteburuan gure helburu nagusienetako bat betetzea lortu dugu.

Lekeition ikusi zen sekulako maila duzuela, baina kantabriarrekiko kezka hor egongo zen.

Guk bagenekien ongi ibiltzeko aukera asko genituela. Lekeition oso lan ona egin genuen, denbora bikaina izan zen, baina ez genekien zehatz beste taldeek zer koadrila eraman zituzten bertara. Mutrikun nahiko pattal aritu ginen, eta gu geu ere egindako lanarekin ez ginen batere gustura gelditu. Entrenamenduetan ikusten genuen oso fin ari ginela, baina kezka nagusia Castrok zer maila izango zuen ikustea zen, Kantabriako estropadetan nabarmentzen ari zelako. Larunbateko estropadan ikusi genuenean bost segundora geundela, pentsatu genuen `Kontxo, hauek oso onak dituk, baina bost segundo bakarrik atera zizkigutek'. Bost segundo traineru estropada batean gainditzeko moduko tartea da eta horrek konfiantza eman zigun. Eta igandean, aukerak genituela jakinda, zozketan izandako zortea aprobetxatzen jakin genuen.

Eta orain, ohorezko txandan sartuta, lana lasai egiteko aukera.

Gure helburua, iaz bezala, ohorezko txandan sartzea eta banderen lehian izatea zen. Iaz lehian ibili ginen, baina ez genuen garaipenik lortu. Onenekin arituz gero, egindako lanak oihartzun handiagoa izaten du, eta badakizu txanda irabaziz gero, bandera irabazteko aukera asko dituzula. Gerta liteke eguraldi aldaketaren bat suertatzea, edo bigarren txandako ontziren batek lan oso ona egitea, baina bandera zure txandan jokatzen ari dela jakitea, zure burua estutzeko motibazioa izaten da.

Negua gorabeheratsua izan zen: entrenatzailerik ez, arraunlari asko ontzia uztekotan...

Egia da martxan jarri arte dena airean egon zela. Hori ukaezina da. Baina abenduan-edo egin genuen azken bileran behin-betiko erabaki zenean nork egingo zuen arraun eta nork ez, ordura arteko gorabehera guztiak ahaztuak geratu ziren eta jendea oso fin ibili zen lanean. Eta horretaz gain, esango nuke beste urteetan baino opor luzeagoak izateak, hilabete eta erdi izan beharrean hiru hilabete inguru batera entrenatu gabe egoteak, jendeari balio izan ziola iaz pilatutako estres hori ahazteko. Nolabait esateko, jendea freskoago hasi zen entrenatzen, beste patxada batekin, eta uste dut horrek on egin digula aurten. Azkenean arraun egitea erabaki genuen guztiok bagenbiltzan modu batean edo bestean entrenatzen, inor ez zen etxean etzanda gelditu. Baina bakoitza bere kasa ibili zen, korrika, pesak egiten, mendian... Inork agindu gabe eta ezertara derrigortu gabe. Eta horrek freskura puntu bat eman zigun neguko lanak egiteko garaian.

Gainerakoan, parekotasuna da ligan gehien aipatzen dena.

Parekatuta egotea ona da, eta parekatuta dago. Baina, hala ere, esango nuke ez banderen lehia ez jaitsiera postuak ez daudela denentzat. Esan nahi dudana da, asteburu bakarra jokatuta, eta sasoi puntu aldaketak gerta daitezkeela jakinda, nik bandera irabazteko traineru gehiegi ez ditudala ikusten, eta azken postuetan sartzeko ere talde gehiegi ez daudela. Hori bai, erdi parean, banderatik 10-15 segundora, talde sorta potolo bat ikusten dut. Beraz, parekotasuna bai, baina ez nuke esango aurreneko postutik zortzigarrenera erortzeko adinakoa denik; bai agian hirugarren postutik hamargarren postura joatekoa. Guri gerta dakiguke, egun batean zortzigarren egitea, edo baita Castrori ere, baina ez dut uste ohikoa izango denik. Horretara noa. Gertatzekotan izango da gauzak ongi egin ez ditugulako.

Hurrengo bi asteburuak Galizian. Zer itxura hartzen diezu datozen estropada horiei?

Larunbatean bertan joango gara hegazkinez eta iganderako etxean egoteko asmoz. Eta familia dugunontzat hegazkinez joan ahal izatea eskertzekoa da. Egia esan, kezkatuta samar gaude igandeko estropadarekin. Guk aurreneko aldiz egingo dugu arraun Pontevedran. Moañan izanda gaude, Tiranen estropada eremua ezagutzen dugu eta Meirarena gertu dago. O Grovekoa ere badakigu nolakoa den, eta horiek nahiko fidagarritzat jo daitezke. Baina Pontevedrakoak gehiago kezkatzen gaitu. Esan dezagun O Grovekoa itsas-adarraren itsasaldean baldin badago, Pontevedrakoa itsasadarraren barru-barruko aldean dagoela, ibaitik oso gertu. Kaleekin adi ibili beharra egongo da eta haizearekin ere bai.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo