GARA > Idatzia > > Kultura

Kobetamendik inoizko Bilbao Live jaialdi trinkoena hartuko du, gaur hasi eta igandera bitartean

Depeche Mode britainiarrak izar nagusi direla, gaur hasiko da Bilbao BBK Live jaialdiaren laugarren edizioa, bazkalostetik goizaldera, punta-puntako izarren faltan, talde interesgarrien doinuak emango dituena.

Anartz BILBAO | BILBO

Aurtengo ekainean bigarren Kobetasonik jaialdia hartu ostean, laugarren Bilbao Live jaialdia hartuko du asteon Kobetamendik. Iaz R.E.M. eta The Police izarrek itsutu zuten festak, eta egungo egoera ekonomikoa medio, sona handiko taldeen distira falta du aurten -Depeche Mode du afixako izen nagusia-, baina artistikoki balio handiko taldeak dakartza bazkalostetik hasita, eta goiz dabilen musika zaleak izango du zertaz gozatu. Hala ere, eta antolakuntzak iragarri duenez, aurreko urteetan izandakoaren aldean, zale kopurua nabarmen gutxituko da aurten.

Jarduna Lain euskal taldeak hasiko du gaur 16.30ean (adi egon, ordutegiak aldatu egin dira-eta), E Gaztea irratiaren lehiaketan jaialdian izateko aukera irabazi ondoren. Gipuzkoarren ondoren Motor New Yorkeko taldeak «Metal Machine» lan berria joko du zuzenean, eta The Gaslight Anthem laukoteari txanda eman. New Jerseyko rock taldeak «The `59 soun» lana aurkeztuko du Bilbon.

Hortik aurrera dagoeneko sona handiagoa lortu duten taldeak entzungo ditugu errenkadan. Lehena, Vetusta Morla talde indie espainiarra. Sekulako arrakasta lortu zuten iaz «Un dia en el mundo» lehen diskoarekin eta egun puri-purian daude madrildarrak. The Ting Tings bikote britainiarra ere talde gazte eta ikusgarria da, iaz «We Started Nothing» elektro pop lana plazaratu zuena.

Behin ilunduta, eskarmentudun hiru talde britainiarrek itxiko dute jarduna. Oholtza nagusian Editors taldea izango da aurrena. Ez dira urte asko Tom Smithek (argazkian eskuinekoa) gidatzen duen laukote ingelesak Bilboko Santana 27 aretoan jo zuela. Kobetamendin, «An End Has a Star» bigarren lana aurkeztuko dute. Eta Depeche Mode hirukoaren ostean, Basement Jaxx izango da eguneko azken taldea, bigarren oholtzakoak amaituz. Felix Buxton eta Simon Ratcliffek osatutako bikotea bosgarren lana argitaratzear da egun, festa luzatzeko helburuarekin.

Editors eta Basement Jaxx taldeen tartean joko du bukaerarako utzi dugun Depeche Mode hirukoteak. Musika elektronikoaren aitzindari, zuzeneko indartsua eskaini zuten orain urte gutxi David Gahan, Martin Lee Gore eta Andrew John Fletcherrek Donostiako Anoeta zelaian, eta gauza bera erakutsi nahiko dute Kobetamendin ere, «Sound of the Universe» lan berriarekin. Horretarako, taldeak 60 laguneko lan taldea ekarri omen du Bilbora, lau kamioi eta beste horrenbeste autobusetan.

Jakin beharreko argibideak

Ohi bezala, jaialdira autobusez eta taxiz baino ezin izango da igo, Kobetamendiko sarrera itxita baitago atzodanik. Autobusak Barakaldoko BEC eta San Mames atzetik abiatuko dira eta Beyenaraino baino ez dira igoko 19.30etik aurrera, eta taxiek aldiz jaialditik oso hurbil izango dute geltokia. Beste aukera gomendagarri bat jaialdiko joan-etorria oinez egitea da, 25 minutuko txangoan. Eta urtero legez, bost mila lagunek kanpatzeko eremua izango du Kobetamendin bertan eta doan, jaialdirako sarrera izanez gero.

Bestalde, ETB, jaialdiko pantaila erraldoietako errealizazioa egiteaz gain, kontzertu batzuk web bidez zuzenean emateaz arduratuko da eta Radio 3 eta E Gaztea irratiek ere emanaldi bereziak egingo dituzte Bilbao Live jaialditik, baita MTV eta La2 telebista kateko «No Disparen al Pianista» saioak ere.

Gaur

Oholtza nagusia: 17.00. Motor.

18.30. Vetusta Morla.

20.40. Editors.

22.30. Depeche Mode.

Bigarren oholtza: 16.30. Lain.

17.40. The Gaslight Anthem.

19.30. The Ting Tings.

0.15. Basement Jaxx.

Lekua: Kobetamendi (Bilbo).

Sarrera: 55 euro.

Hiru eguneko bonoa, 136 euro.

Informazio gehiago: www.bilbaobbklive.com.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo