GARA > Idatzia > Iritzia > Ikusmira

Euskal presoen aldeko pintadak eta argazkiak ezabatzea Lakuaren premia da, ez gizartearena

Lehendakari berriak bere kargua hartu baino lehen iragarri zuen asmoari gogoz eutsi dio Lakuako Gobernuak, euskal preso politikoen argazkiak kentzeko dinamika lehendik abiatuta zegoen arren. Bere gobernuaren lehentasuna «terrorismoaren kontrako borroka» izango zela esan zuen Lopezek, eta euskal presoen argazkiak eta beraien aldeko pintadak ezabatzea izan da, hain zuzen, Gobernu berriaren «terrorismoaren kontrako» jarduna. Izan du udalekiko ika-mikarik, eta ez da harritzekoa; izan ere, Poliziak udal bati bere funtzioa zein den, noiz eta nola egin behar duen esatea -agintzea alegia- bitxia da, eta are bitxiagoa agindu horiek epe jakin batean bete ezean, udaletako arduradunak Auzitegi Nazionalean salatzeko mehatxupean egitea. Atzo, Lakuako Gobernuak aurrekontuak murriztuko zituela iragarri eta hurrengo egunean, milioi erdi bat euro pintadak eta pankartak kentzera bideratuko dituela iragarri zuen, bere irudiari -eta obsesioari- eusteko behar beste diru xahutzeko prest dagoela erakutsiz. Lakuaren lehentasun hori lehen mailako gizarte-premia balitz bezala aurkeztu eta benetako premietarako diru-sailak murriztea, ordea, bitxia barik absurdua da, bereziki krisialdian.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo