Trontza Nafarroako finala
Barberena anaiek txapela lortzeaz gain, lehiaketako marka ere hobetu dute
Jon LEUNDA | IRUÑEA
Barberena anaiek irabazi zuten atzo Nafarroako trontzalarien txapela, eta lehiaketako marka ezarri ere egin zuten. Ezustea, iazko txapeldunek eman zuten, Aizkorbek eta Canok, alegia, azken amaitu baitzuten.
Barberena anaiak ziren faborito nagusiak, eta ez zuten hutsik egin. Kana-erdiko enborrari 14 epai etzanda eta lau zutik emateko, 7 minutu eta 2 segundo behar izan zituzten. Bigarren Bertiz-Urrutia sailkatu zen (8.56), hirugarren Galarregi-Lasaga (9.42), laugarren Portu-Txoperena (9.45), bosgarren Pikabea-Morrondo (10.22) eta azkena Cano-Aizkorbe (10.25).
Nafarroako lasto-altxatze Txapelketa ere jokatu zen, eta Seinek irabazi zuen. Izan ere, 20 altxaldi eman zizkion 45 kiloko lasto fardoari. Bigarren sailkatu zen Bereau, lehenak beste jasoaldi eginda, baina azken altxaldian ehuneko batzuk gehiago behar izan zituen. Telletxea sailkatu zen azkena 18 jasoaldirekin. Kadete mailako trontzan, Goldarazena-Idoate bikoa izan zen onena, eta aizkora erakustaldian, Erasunek mendean hartu zuen Ohian Larretxea.
Gaur ere jaialdia 12.00etan hasiko da Foruen plazan, eta herrialdeko harri-jasotze finala jokatuko da. Bertiz, Urrutia eta Igoa neurtuko dira. Bakoitzak 125eko zilindroa, 112,5eko kubikoa eta 100eko bola erabiliko ditu, eta bakoitzarekin bi minutu izango dituzte. Nafarroako Hirugarren Mailako aizkolarien kanporaketa ere jokatuko da. Pellejero, Castro, R.Saralegi, E.Saralegi, J.Kañamares, Vazquez, Beltza, Eraso, Pikabea, Olano, Resano eta Perez neurtuko dira.