GARA > Idatzia > > Mundua

Aldaketak Argentinako Gobernuan hauteskundeetako porrotaren ostean

Azken hauteskundeetako emaitza kaskarren ostean Gobernuaren egitura aldatzea erabaki du Argentinako presidente Cristina Fernandezek. Hainbat ministrok dimititu ostean izendapen berriak egin ditu Fernandezek gobernuan aldaketa sustatzeko asmoz.

GARA |

Ekainaren 28ko hauteskundeetan ofizialismoak izandako porrotaren ostean, Cristina Fernandez Argentinako presiden- teak aldaketak iragarri ditu bere Gobernu taldean. Peronistak nabarmendu ziren hauteskundeetan eta orain Fernandezek hainbat aldaketa egitea erabaki du. Besteak beste, Ekonomia ministroa eta kabineteko burua ordezkatuko ditu.

Fernandezek, Carlos Fernandez Ekonomia ministroaren, Sergio Massa kabinete buruaren eta Jose Nun Kultura ministroaren dimisioak onartu zituen eta horrek aldaketa gehiago eragin ditu Gobernuaren egituran.

Ekonomia Ministerioak Amado Boudou ekonomialari gaztea izango du buru aurrerantzean. Boudouk adierazi duenez, Ekonomia Ministerioari «goi perfila» bueltatuko dio. Kabinetearen agintaritza, orain arte Segurtasun, Justizia eta Giza Eskubideen ministro izan den Anibal Fernandezen esku geratuko da. Fernandez Barne ministro izan zen 2003-2007 urte artean Kirchner presidente zenean. Fernandezek Segurtasun, Justizia eta Giza Eskubideen ministerioan utzitako hutsunea, berriz, Julio Alakek beteko du, orain arte Argentinako Aerolineas-eko zuzendari izandakoa. Kultura idazkaritza Jorge Coscia zinemagile eta politikariak hartuko du.

Bestalde, Argentinan A gripea gero eta hedatuago dagoen honetan, Graciela Ocaña Osasun ministroak dimisioa aurkeztu zuen hauteskundeetako porrotaren ostean. Joan den asteazkenean, berriz, Ricardo Jaime Garraio idazkariak uko egin zion bere karguari.

Bien bitartean, Cristina Fernandez presidenteak ez du adierazpenik egin bere lan taldean gertatutako aldaketen inguruan.

mesfidantza

Oposizioak hainbat kargu publikoren irteera eskatu zuen hauen jarduera ezbaian jarri ondoren. Besteak beste, Plangintza ministroak eta Barne Merkataritza idazkariak kargua utz zezaten exijitu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo