Pop rock talde bizkaitarrek aurten ere Bailen izango dute agertoki Bilboko Aste Nagusian
Oraindik hilabete geratzen bada ere, Bilboko Aste Nagusiko lanak aurreratzen ari dira, abuztuaren 15ean guztia prest izateko. Atzokoan, Bailenen egingo diren kontzertu zerrenda aurreratu zuten.
GARA | BILBO
Bailen kalea izango da aurtengo Bilboko Aste Nagusian, bigarrenez, bertako pop rock taldeen kontzertuetako egoitza, hamasei talde igoko direlarik FEVE estazioaren parean kokatuko den agertokira. Bertan, egunero 20:00etatik aurrera, zortzi emanaldi izango dira. Estilo askotariko programaz gozatzeko aukera egongo da berriro: rock alternatiboa, power rocka, rock metala, horror punka, popa, rocka, funka eta death metala.
2009ko edizio honetan, aurreko urtean baino parte-hartze maila baxuagoa izan da: 56 maketa aurkeztu dira, iaz aurkeztutako 77 lanen aldean. Jaitsiera honek emakumezkoen batez besteko parte-hartzean ere badu eragina: aurten taldeen %25ek du emakumeren bat tartean (14 taldek), eta 2008an %29k (23 bandak). Hala ere, euskaraz abesten duten edo abestiren bat euskaraz egiten duten taldeen bataz bestekoa, orokorrean, berdin geratu da, igoera oso txiki batekin: aurten %18koa izan da (10 talde), joan den urteko %17aren aldean (14 banda).
Bilboko Udaleko Turismo eta Jaietako Saileko programatzaile Enrike Bosquek adierazi zuenez, «aurten aurkeztutako taldeen maila oso altua izan da, eta agertoki handiagoetan aritzen diren taldeek bezain besteko maila dute askok».
Zentzu honetan, Mamba Beat talde bilbotarraren kasua aipatu zuen. «2008an Mamba Beat taldekoek ireki zuten Bailen agertoki berria, eta aurten, Botika Zaharrean izango ditugu Zodiacs eta We are Standard taldeekin».
Beraren ustez, honek erakusten du «espazio hau aukera paregabea dela nork bere burua aurkeztu eta eskarmentua hartzeko, eta, batek daki, beharbada hurrengo urtean Botika Zaharrekoa bezalako beste agertoki batean ere aritzeko».
Donostia Hiria
Bestalde, aurtengo Donostia Hiria Pop Rock lehiaketan parte hartuko duten bederatzi taldeak aukeratu ondoren, kanporaketen egutegia finkatu dute dagoeneko antolatzaileek. Ohar baten bitartez jakinarazi zutenez, zuzeneko emanaldi guztiak Dokan izango dira, arratsaldeko 20:30etik aurrera. Horrela, ostiralean, uztailak 17, Ametsak eta Oroitzapenak, Prim Lane eta The Lost Waves taldeak arituko dira. Uztailaren 24an, 15 Grados, Les Enfants Terribles eta Transistores-en txanda izango da. Zuzeneko kontzertuen azken eguna hilaren 30ean izango da Correos, Ruido Rosa eta The Olly´s-ekin.
Guztira, 56 dira maketa aurkeztu duten taldeak, eta Bilboko Udalaren arabera, «aurten aurkeztu diren taldeen maila oso altua da, agertoki handiagoetan aritzen diren taldeek bezain besteko maila dute askok».
Lekua: Bailen kalea.
Data: Bilboko Aste Nagusia, abuztuaren 15etik 22ra.
Antolatzailea:
Bilboko Udaleko Turismo eta Jai Saila.
Sarreren prezioa:
Doakoa.