Euskaltzaindia, 90 urte geroago: euskara, herri-erakunde
90 urte joan dira hainbat euskaltzalek, Azkueren inguruan batu, eta euskararen akademiak bi helburu izan behar zituela finkatu zuenetik: alde batetik, ikerketa eta batasuna bultzatzea, eta bestetik, gizarte-erabilera sustatzea. Testu honetan Andres Urrutiak gogoeta egiten du aldi horretako lanaz, baita gaurko egoeraz eta erronkez ere.
Andres URRUTIA
Laurogeita hamar urte joanak dira Euskaltzaindia sortu zenetik. Laurogeita hamar urteko aldia, urtekada horretan Euskaltzaindiak euskararen historian zeregin esanguratsua izan duela, eta baduela egun ere. Laurogeita hamar urte, hain zuzen ere, halako gogoeta, halako hausnarketa egitea eskatzen digutenak, euskara gure gizartean nola dagoen argitzeko.
Hasiera-hasieratik izan zuten argi Azkueren inguruan batu ziren euskaltzaleek zer egin behar zuen euskararen akademiak: bateko, euskararen ikerketa eta batasuna bultzatu, eta, besteko, gizarte-erabilera sustatu. Sortu ere, bi alor sortu zituzten euren zereginetan: IKER eta JAGON, egun ere bere horretan dihardutenak. Helburuak helburu, argi zuten, modu berean ere, orduko hartan euskarak zuen egoera kezkagarriari aurre egin behar zitzaiola.
Laurogeita hamar urte geroago, euskararen herrialdeetako egoera arras bestelakoa bada ere, bistan da euskara oraindik bere onenean egon ez arren, gure gizartearen errealitate finkoa dela.
Euskararen egoera, nolanahi ere, ez da era berekoa Euskal Herri osoan. Hartara, gaztelaniarekin batera, ofizial dugu Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroako Foru Komunitateko eremu batean. Iparraldean, berriz, ofizialtasunaren zantzuak ez dira erraz sumatzen.
Bide beretik, esan daiteke ofizialtasun horrek egundoko ondorioak ekarri dizkiola euskarari, besteak beste, halako bilakaera aipagarria, hiztunen kopuruz nahiz gaien ugaritasunez, historian zehar ezezagun eta harrigarria.
Estatistikek hori esaten digutela ezin ukatu. Estatistikak, alabaina, egunero mintzo zaizkigu bestelako arazoez, hau da, euskararen ezaupideak ez dakarrela, nahitaez, horren gizarte-erabilera. Horra hor, hasteko, lehen xehetasun kezkagarria.
Hasian hasi, gogoeta bestera egitea ere zilegi izan daiteke, alegia, egun euskararen Euskal Herria osatzen duten herrialdeen errealitatea zein den eta herrialdeok nola hartzen duten euskara. Nabaria da euskara errealitate politiko eta administratibo desberdinetan bizi dela, zeinek bere ezaugarri berezkoak dituen.
Premiazkoa da, orobat, euskarak egun dituen beste ardatz batzuei buruz jardutea, egunean eguneko beharrizan berehalakoenek ostendu ez diezazkiguten funtsezko osagaiak.
Horien artean, nire aburuz, honako hauek:
Lehen-lehena, euskara bera herri-erakundea dela aitortzea eta sustatzea. Herri-erakundea diot, zuzenbidearen antzera, horrek bideratzen baititu kulturaren eduki jakinak eta denboran zehar islatzen, iraupenaren bidez gizartea bera moldatuz, izate berezia eman arte.
Bigarrena beste ulerkera batetik dator, hots, aurreko hori hizkuntza-politika zehatz-zehatzetatik harago doala ulertzetik. Hortaz, euskararen zeregina egoki finkatu behar da, printzipio nagusi batzuen bidez.
Hirugarrena halako uste indartsuak osatzen du, euskara ideologia politikoen gainetik dagoela fermuki defendatzen duena, eta guztiei diela begirunea, baldin eta demokrazia, giza eskubideak eta hizkuntza eskubideak betetzen badira.
Laugarrenak aldarri ozena dakar, euskara herri-erakundea dela non-nahi zabaltzeko, ez inoren aurka, ezpada guztiokin batera. Errazagoa da hau esatea, betetzea baino. Badu horretan gizarte zibilak bere zeresana.
Bosgarrenak baterako jarduna eta egitea behar du, gobernuaren ardura dutenen artean, gizarte zibilarekin batera ondu dezagun halako elkarkidetza, euskararen gobernantza moldatu arte. Ezin ahantzi, bestalde, gobernantza hori, egunotan behinik behin, aurrerakuntza teknologikoak, berrikuntzak, mundu osoko eragileek eta erabilera-esparru berriek baldintzatzen dutela.
Aurreko ardatzak dira, hitz batzuekin nahiz besteekin, Euskaltzaindiak bere sorreratik aldeztu eta babestu dituenak. Gorpuztu ere egin ditu halakoak, Euskal Herrian, Espainian, Frantzian, Europan eta mundu zabalean.
Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako foru-erakundeek sortu zuten Euskaltzaindia 1919. urtean, Oñatiko Biltzarraren ondorioz eta Eusko Ikaskuntzaren laguntzarekin. Gaur erakunde hark aitortza juridiko eta instituzionala du, eta euskararen esparruan dihardu, erakunde aholku-emaile ofizial gisa, agintari publikoekin batera, eta, aldi berean, egunero euskara komunikazio-tresna moduan erabiltzen duten pertsonetatik hainbaten ekarpenak bilduz.
Euskara herri-erakunde bihurtzeak berarekin ekarri du, gaur egun, laurogeita hamar urte hauetan bezalaxe, Euskaltzaindiak jarduera-eremu bikoitza izatea. Alde batetik, Euskararen Akademiak etenik gabe sakontzen ditu lexikografia, gramatika, onomastika, toponimia, dialektologia eta literatura arloetan egindako lanak, eta, horrekin batera, hainbat ekarpen egiten ditu, adibidez, hizkuntzaren historia sozialari buruz, euskara berrikuntzarako lanabesa eta komunikaziorako erreminta izan dadin.
Eta, beste alde batetik, Euskaltzaindiak orotariko ahaleginak egiten ditu, nahiz euskal egileen testu klasikoak argitaratzeko, nahiz euskarazko literatura-balio berriak sustatzeko. Horrela, euskarari, eta, oro har, euskal gaiei buruzko biblioteka hornitu nahi du (Azkue Biblioteka, alegia), eta, ildo beretik, euskararen erabilera bultzatu. Hitz gutxitan esanda, Euskaltzaindiak lagun izan nahi du, euskarak bere estatusa izan dezan, eta, estatus horretatik abiatuta, euskarak egungo gizartean garapen egokia lor dezan.
Hartara, Euskaltzaindiak jasotzen du bere aitortza akademikoa nahiz gizarte-mailakoa, eta ahaleginak egiten ditu aitortza hori gizarteari berari itzultzeko. Eskerrak eman behar, horregatik, gizarteari, horren begirunea eta harrera amultsua batzen dituelako etengabe Euskaltzaindiak; eta, esker horiekin batera, eskaera, orain arte bezalaxe, elkarrizketa eta ekarriak jaso nahi dituelako Euskaltzaindiak, bere lana hobetzeko eta zerbitzu mesedegarriak egiteko.
Euskaltzaindia historia da euskararen ibilbidean; gainera, historia egiten du eguneroko jardunean. Eta horretan jarraitu nahi du, bizia ematen, gizarteari eta herriaren premiei irekia, betiere gizartearen bakea xede duela. Ukaezina da horretan hizkuntza desberdinen arteko bizikidetza albora ezineko osagaia dela.
Tenore horretan hartzen ditu Euskaltzaindiak Real Academia Española, Real Academia Galega eta Institut d´Estudis Catalans-en Filologia Saileko ordezkariak Bilboko egoitzan, eurokin batera ekitaldi akademiko baten bidez urteurren hori ospatzeko, uste baitu akademiok, Espainian ofizial diren hizkuntzen ordezkari moduan, gai izango garela, bai elkarrekin, bai dagozkigun erakundeekin batera, egitasmo zehatzetan lan egiteko.
Tenore bera erakutsiko du Euskaltzaindiak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzan, urriaren bederatzian, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru aldundien eta Nafarroako Gobernuaren ordezkariak hartzen dituenean, horiek izan baitziren akademiaren sortzaileak. Haien aldamenean, Eusko Jaurlaritza eta Espainiako Gobernua izango dira, udal agintariak eta Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoa eta, jakina, euskaltzaleak eta gizartearen nahiz kulturaren ordezkariak, guztion ahaleginak beharko dituelako euskarak etorkizunean ere .