GARA > Idatzia > > Kultura

ARGAZKILARITZA

Itxurazkotasuna auzitan

I. M. G

Bost urte badira jada Ixone Sadabaren banakako erakusketa bat ikusteko aukerarik ez genuela. Ziur asko, azken aldiz Guggenheim museoan ikusi ahal izan genuen bertan egin zen erakusketa kolektiboan. Oraingoan, aldiz, azken urte hauetan burututako lana aurkezten digu. Ameriketako Estatu Batuetan naiz Iraken pasatako denborak eskaini dion esperientziaz bustitako seriea da.

Intimitateaz hitz egin nahi digu. Barnean dugun horretaz. Argazki guztiak barru horren errepresentazio izan nahi dute. Baina barnealde hori agertu nahi badu ere, biluzteko modu bat besterik ez da. Izan ere, Sadabak esanahiaz hitz egin nahi digu, edo agian esanahi gabetasunaz. Barnealdearen garrantziaz eta kanpoaren azaleraz. Kanpoaldeak esanahi gabeko bilakatu behar omen du, eta aldiz intimitatea gezurra baino ez omen da. Hitz hauekin, artistak medioari baino ez dio goraipamena egiten, alegia, argazkiari berari. Ikus daitezkeen argazki ezberdinetan ederto ulertzen da orain arte esandako hau guztia. Adibiderako, ohe huts bat ikus dezakegu. Ohe hori, dena den, hainbat fokuk betetzen dute argiz. Argazki saio baten ondoren egindako argazkia dirudi. Ez dago protagonistarik. Ohea bera da protagonista, eta norberak, ikusleak alegia, bere barnea ipintzen du bertan. Irudia kritikatu nahi izan du argazki honen bitartez. Irudiak itxura baino ez duelako agertzen. Baina aldi berean, ez da irudia baino garrantzizkoagorik egungo gizartean. Beraz, etengabeko gogo eta nahiak agertu eta ezabatzen ditu argazkien bitartez.

Bestalde, bada argazki sorta bat ateko zirrikitutik haratago dagoen mundu baten erakusle. Argazkiak biribilak dira, eta bertan kontatzen den eszena misterioz betetakoa da. Zerbait jazotzen dela badakigu, baina ezin asmatu zer. Biluztutako gorputza «gezurtero» hitza azalean idatzita duena. Bestalde, gauerdian errepide batean agertzen den pertsonaia misteriotsu bat. Bai hauetan bai beste argazki batzuetan ere, artista bera da bertan agertzen den pertsonaia. Sadabaren kasuan ohikoa da bere burua izatea argazkietan agertzen dena. Ezin ahantzi `Citeron' seriea, ziur asko bere ibilbide egindako serierik garrantzitsu eta petoena baita. Kasu hartan, bere burua bikoizten zuen eta gisa horretan egiten zien aurre bere kezka eta beldurrei. Oraingoan aldiz, bere burua biluztu nahi izan du zentzu askotan. Bakardadean, edota negar batean agertzen da. Nolabait ere, historian zehar izandako birjina eta dolorosei erreferentzia egin nahi izan die. Bizitzaren nahigabea eta tristura oso modu arinean agertu du. Topikoak direla ere esango nuke. Negarrak, testuak edo hiztegia bera. Hauek begiratzean indarrik ez dutela iruditzen zait. Zurruntasuna eta indarra falta dutela.

Bada beste serie bat gainerakoetatik guztiz ezberdintzen dena. AEBetan egindako argazkiak dira, tornadoen argazkiak. Kasu honetan formatuak harritu nau. Kurban ipinitako argazkiak dira. Metalezko euskarri baten gainean sostengatzen dira argazkiak. Eta tornadoaren beraren mugimendua adierazi nahirik eginak dira. Ez da inolako loturarik hiru argazki hauen eta gainerako argazkien artean. Horregatik egiten da nahikoa zaila espazio berean ikustea.

Lehenago aipatu dut gainera hizkuntza erabiltzen duela. Hitzak gorputzean marraztuak agertzen dira. Batean «gezurtero» hitza sabelean idatzita. Beste batean oin biluzi batzuk daude eta bertan testu labur bat idatzi du artistak. Oraingoan ere azalaren gainean. Sexuaz, maitasunaz, maitasun ezaz... horretaz mintzo da. Ostera ere oso diskurtso erraza burutzen du. Irudia, oin biluzi horiek dutxan. Nolabait ere zutik gaudela geure oinak fotografiatu nahiko bagenitu bezala. Berak Peter Handkeren testu labur bat hartu du erakusketaz mintzatzeko, baina ez dut lotura nabarmenik ikusten testu horren eta erakusketako irudien artean. Testuak esanahiaz eta egiaz hitz egiten digu zentzu sakon batean. Itxurazkoa denaren aurka egiten du eta benetakoaren esanahiaz mintzo da. Aldiz, artistak erabiltzen duen hizkuntza guztiz itxurazkoa eta erraza da. Egiaz hitz egiteko bestelako diskurtso bat erabili beharko litzateke. Beste aukera bat, mota honetako esaldiak baztertzea litzateke, arras zaila baita hitzetan esatea zaila den hori irudietara pasatzea. Gainerakoan, ostera ere esan beharra dago nahiz eta urte ugari pasa izan, Sadabaren serierik nagusi eta benetakoena `Citeron' izan zela. Ordutik, hara eta hona ibili da sendotasunik lortu gabe. Sentsazioan eta itxuran geratzen dira gehienetan argazki hauek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo