GARA > Idatzia > > Iritzia

Ritxi AIZPURU Musika argitaratzailea

Musika hitzaurreak itzulinguruka

 

Musikari buruzko hitzaurreak itzulinguruka dabiltza. Musika terminologia albo batera uzten denean, diskoen definizioak izan daitezke. Rockak, popak, metalak, hard coreak, punkak eta beste hainbat izen ahaztu, eta musika horiek burura ekartzen digutena azalduko dut. Kantuen askatasun mugagabea ase eta osatu egiten du artistaren maitasunak, dela entzuleen aurrean abesten dituenean, dela gure oroimenean irauten dutenean amets baten modura. Kantuaren premia zelatan daukagu ispilu biluztuaren eta soinu biluztuaren isla fidelean, eromenaren marmarraren bila. Kantuak, errealitateen eta ametsen ehiztari. Txoririk ederrenak okerren abesten dutenak izan ohi dira. Kanturik ederrenak nekez ahazten direnak izan ohi dira. Ametsez oroitzen bazara, kantuen aurpegia gogoratuko duzu. Joan gaitezen ispiluen bila, oraindik ere, apurtuta ez badaude ere, amodioak pizten baitituzte. Ametsetan. Kopiak originalak bezainbeste balio duen bizitza honetan, ametsek eta errealitateak topo egiten dute. Desirak askotan horretan geratzen dira, desiretan, nahiz eta tautologia filosofikoa izan. Desirek ez dute gurutzatzen errealitatearen atea. Desirak gure burmuinen alderik sakonenean geratzen dira, inoiz azaleratu gabe. Fantasia eta desiraren arteko borroka egunero gertatzen da. Desirak errealitatean aterpetzen direnean, beste aurpegi bat erakusten dute normalean, zeinak ez baitu zerikusirik hasierakoarekin. Norberak bilatu behar du bi mundu horien arteko oreka. Bejondeiola gainera. Bizi garen seinale. Filosofo zaharrak zioenez, ezagupena dugun horren oinarrian desiratzen dugu soilik. Desirak alda daitezke, soilik, sorrarazten duen bizitza aldatuko balitz. Argi hitz eginez, boterearen denbora eta guneen aurkako matxinada premiazko gaia da eta psikologikoa, aldi berean. Alde batetik, existitzen dena dago, bere ohitura eta ziurtasunekin. Eta ziurtasunez, giza-pozoi hori, hilko da. Beste aldetik, matxinada dago, guztion bizitzan bat-batean sartzen den ezezaguna. Askatasunaren neurriz gaineko jardueraren hasiera. Denok dakigu? Orduan zioa zera da: ekin edo amestu egitearekin.

Gure egunerokotasuna izugarrizko lerdokeriaz dago blaituta, gehienetan pentsatzeko jardun eza dugulako. Geure buruarekin izan beharko genuke zordun (pentsatzeko ahalmena izateagatik). Horren poderioz barneko zein kanpoko gatazka agerian gera daiteke. Pentsamendu kritikoaren etsaiak espero ez duen hura esan, egin eta itxaroten ez gaituzten tokian egon, gatazkak sorraraziz edonon eta edonola. Soinua, zarata eta iskanbila. Joan musikaren bila.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo