GARA > Idatzia > > Eguneko gaiak

«Zarata eta burrunbagatik, lehen ere ez da batere samurra Mendulun bizitzea»

Egunkarietako lehen orrietara noizbehinka egin du salto gaiak azken urteetan, baina Hondarribiko Mendelu auzoko bizilagunek aireportuaren handitzea etenik gabeko kezka izan dute denbora honetan. Askok etxeko berriztatze lanak ere atzeratu dituzte, lehendik ere handia den hegazkinen zarata handituz gero, bertan bizitzea ezinezko izango dela baitiote. Madrilek eta Lakuak lortu duten akordioaren ondotik haserrea eta etsipena nagusitu zaizkie.

p004_f01_111x111.jpg

Maider EIZMENDI

Herritar gehientsuenek, uda garain batik bat, bidai eta opor egunekin lotzen ditugu hegazkinak. Hondarribiko Mendelu auzoan bestelako sentimenduak eragiten dizkiete hegazkin edota aireportu hitzak entzuteak berak. Haserre, etsita, zer gertatuko den argitzeko gogoz topatu genituen atzo auzotarrak, herenegun aireportua Hendaia aldera 50 metro eta beraien auzo aldera 150 handitzeko asmoa dutela jakin ostean. Erabakiak sorpresaz harrapatu dituela ezin esan; urteak daramatzate aireportuaren handitzearen mehatxua bizkarrean hartuta. Hala gogorarazi du Manuela Arrozpide bizilagunak. 69 urte ditu eta 33 daramatza Mendelu auzoan bizitzen.

Dendan harrapatu dugu, eta nola ez, bertan ere hizpide nagusi da azken notizia. "Egin behar dutena egin dezatela" erantzuten du, aireportua handitzeko asmoari buruz galdetzean. Ez dira axolagabekeriaz egiten dituen hitzak, urteen joanean gaiak eragiten dion nekeaz egindakoak baizik: "Urteak daramatzagu handituko dutela edota ez dutela handiko entzunaz, eta horrela ezin dugu bizi".

Lakuako Garraio sailburuak Mendeluko auzokideak ez dituela kaltetuko esan zuen atzo berriz, handituko den zatian ez dutelako hegazkinek lur hartuko, baina adierazpenok ez dituzte auzokideak lasaitzen.

Bere etxe atarira eraman gaitu, eta "begira" esanez, erakutsi egin digu Arrozpidek. Teilatua berriztatuta dute, baina etxearen fatxada berritzekotan daude azken urteetan. "Itxaron eta itxaron egon gara gure etxeekin zer gertatuko zen ez genekielako, eta egoera horretan bizilagun asko daude", azaldu du. "Orain alkatearengana joan eta baimena eskatzen badiogu berritzeko, zer? Eman egingo al digu", galdegin du, aireportua handitzen badute bertan bizitzeko modurik ez dela izango ohartaraztearekin batera. "Kontuan izan behar da, gainera, gure etxeak aireportua egin aurretik zeudela; etorri, hura jarri eta gainera, urteekin hura zabaldu; eskubiderik ez dago horretarako", kexatu da.

"Teilatua eramango digu"

Inork baino hobeto ezagutzen dituzte Hondarribiko aireportuko hegaldien gorabeherak; ezagutu eta sufritu. "Gaueko bederatzietan etortzen dena izugarri baxu pasatzen da; ordu horretakoak benetako beldurra ematen du; pentsatu izan dut egunen batean etxeko teilatua ere eramango digula", azaldu du. Eta orduan, apenas jabetzeko tarterik gabe igaro da hegazkin bat aireportuan lur hartzera. Egunero entzun eta ikusten ez dituenarentzat inpresionagarria da zarata eta irudia. "Bada, gaueko bederatzietakoa ikusiko bazenu!", errepikatu du Arrozpidek.

Haserre, oso haserre topatu dugu, berriz, Pepi Tumas auzotarra: "Eraman dezatela aireportua euren etxe atarietara, eta utz gaitzatela bakean behingoz!". Lehen ere zarata gogotik sufritzen dutela gogora ekarri zuen, eta aireportua handituz gero, auzoan bizitzea ez dela posible izango gaineratu. "Hegazkin batzuk oso-oso gertu pasatzen dira, eta zarataz gain burrunba ere handia da". Bera ere etxea berriztatzeko asmoa atzeratzen aritutako bizilagunetako bat da, "baina azkenean berriketak egitea pentsatu genuen... Orain zer?", galdegiten zuen.

Auzotar askok Hendaiako alkatearen oposizioan jarri dute esperantza. "Hark zerbait egingo ahal du, hemengoekin jai dugu eta!", adierazi zuen. Haserreak haserre, etsipena da Tumasen hitzetan nagusitzen den sentimendua: "Gure esku ez dago ezer eta seguru nago kexuak kexu egin egingo dutela, esperantza gutxi dugu".

Txakurrarekin paseoan zebilen emakume batek jada nahiko hitz egin dutela azaldu du. "Gai honek nekea eragiten dit; asko hitz egin dugu, protesta asko egin, baina inork ez digu kasurik egiten; bertako bizilagunak gara esateko gutxien dugunak, antza".

Izenik eman nahi izan ez zuen beste lagun batek azaldu zuen etxean bibrazio handiak sumatzen dituztela eta soinua leiho bikoitzak jarriaz saihesten dutela "zertxobait". Aipatu zen bere garaian auzokideentzat etxebizitzak egingo zituztela esan zietela: "Bada egin ditzatela; izan ere, etxeak salbatuko dituztela diote orain, baina nola bizi behar dugu guk?".

Hendaiako bizilagun batzuen artean ere kezka nagusitu da baita talde ekologisten artean ere. Ingurumenaren aldeko Hendaiako ACE elkarteak aireportuaren handitzea "harridura eta tristurarekin" hartu du. Hegaldien kopuruen handitzea etorriko dela uste dute, nahiz eta sustatzaileek ez duten argi esan. Handitzeak zaratari loturiko kalteak eta kutsadura handituko dituela ere nabarmendu dute. Poluzioari dagokionez airean izango diren gas kutsagarriez gain, uren eta lurren zikinkeriak ere aipatu ditu elkarteak. Etxea badian duen elkarteko kide batek bere lorategiak kerosenoaren usaina izaten duela adierazi zuen.

Aireportuaren eraberritzeak ziurtasunaren txikitzea ekarriko duela azpimarratu zuen. Aireportua handitzen baldin bada ere, pista 104 metroz txikituko da, eta �ez da ahaztu behar gaur egun lur hartzen duten pilotoek prestakuntza berezia jaso behar izaten dutela tokiaren berezitasun geografikoengatik, hau da zulogunea eta mendia" oroitarazi zuten Hendaia ACE elkartekoek.

Maider EIZMENDI

Irun debe adecuar el proyecto de San Miguel-Anaka

El Ayuntamiento de Irun, nada más tener noticias del acuerdo entre el Ministerio de Fomento español y el Gobierno de Lakua, ha comenzado a trabajar para adecuar el proyecto de San Miguel-Anaka, parado hasta el momento, que contempla la construcción de 1.100 viviendas, a las exigencias del Ministerio de Fomento tras la decisión de ampliar en 200 metros la pista del aeropuerto de Hondarribia. Precisaron que, tras una lectura "apresurada" de este informe, serían tres los edificios que deberían rebajar su altura debido a la ampliación de la pista del aeropuerto, lo que supondría una reducción de "entre 60 y 80 viviendas", según el gobierno municipal. GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo