Gatazkak iraun artean iheslariak ere izango direla adierazi dute
Euskal Herriak bizi duen gatazka politikoari konponbide demokratiko bat eman bitartean, iheslari politikoak izango direla adierazi zuten atzo Ondarroan, torturari, jazarpenari eta espetxeari ihes egitearren euren sorterriak uztera beharturik dauden euskaldunak oraindik ere badirelako. Igandean, Ondarroan, Mexikon zendu berri den Jose Antonio Otxoantesana iheslari politikoari azken agurra ematearren ekitaldi politikoa antolatu dute.
GARA |
Joan den igandean iritsi ziren Mexikotik Ondarroara Jose Antonio Otxoantesana, Okana, zendu berri den euskal iheslari politikoaren errautsak. Loiuko aireportuan eta ondoren bere sorterrian eman zioten herritarrek azken agurra Okanari, baina igande honetan, ekitaldi politiko baten bidez, emango diote azken agurra iheslariari. Bertan parte hartzeko deia egin dute hainbat herritarrek, Otxoantesana sendiak eta amnistiaren aldeko mugimenduak.
«Ihesa Euskal Herriaren historia luzean etengabe errepikatu den beharturiko mugimendua izan da milaka herritarrentzat. Azken urteei begiratu bat emanez, bai Francoren diktadurapean, bai ondoren sasi demokrazian, torturari, espetxeari eta errepresioari ihes egin dioten euskaldunak asko izan dira», adierazi zuten atzo Ondarroan egin zuten prentsa agerraldian, egun ere euskal iheslariak ehunka direla gogora ekarriz.
Amnistiaren aldeko mugimenduarekin bat, Otxoantesanaren senideek eta hainbat ondarroarrek egin zuten prentsaurrekoan, lehenik eta behin Okanaren senideei eta «Mexikon utzi dituen iheslariei eta herrialde horretan utzi dituen lagunei ere besarkadarik sentikorrena» helarazi zuten.
Jazarpena eta osasun arazoak
Eta jarraian, iheslarien izaera politikoa nabarmendu eta argi utzi zuten: «Arrazoi politikoak medio ihes egiten dute oraindik ere euskaldunek, Euskal Herrian tortura eguneroko ogia delako eta hemen espetxean sartzea erraza delako, espetxetik irtetea ez bezala». Euskal Herrian gatazka politikoak iraun bitartean, beraz, iheslari politikoak izan izango direla adierazi zuten.
Gogora ekarri zuten, gainera, iheslari politikoen aurkako jazarpenak etenik gabekoa izaten jarraitzen duela, azken hilabeteotan Venezuelan, Irlandan edo-ta Euskal Herrian bertan izan diren atxiloketak gogora ekarriz. Jazarpen horrek, gainera, «iheslarien osasun egoeran eragin zuzena» duela azpimarratu zuten, hilabete baten buruan bi euskal iheslari zendu direla gogora ekarriz, Okana bizkaitarra eta Kepa Arizmendi nafarra.
Eta iheslari politikoek bizi duten egoera eta jazarpena aipatuz, Jon Anzaren gaineko galdera ekarri zuten berriro gogora: «Non da Jon? Zer gertatu da Jonekin?».
«Euskal Herriak gatazka politikoa bizi du eta horren konponbide demokratikoak ekarriko ditu iheslari politikoak etxera», nabarmendu zuten jarraian, euskal iheslariek Euskal Herrian libre bizitzeko duten eskubidea aldarrikatuz. Ondarroako amnistiaren aldeko mugimenduak, bere aldetik, berretsi egin zuen azken iheslari politikoa Euskal Herrian izan arte eta gatazka demokratikoki konpondu arte lanean jarraitzeko konpromisoa.
Eta era berean, igande honetan, hilak 19, eguerdiko 13.00etan Ondarroako Alamedan Okanari egingo dioten azken agurrean parte hartzeko deia egin zuten sendiak, herritarrek, eta amnistiaren aldeko mugimenduak.
Bestalde, atzo, euskal preso politikoen eskubideen defentsan eta Euskal Herrira ekartzeko aldarrikapenarekin Burlatan 41 pertsonek elkarretaratzea egin zuten eta 50ek Eibarren.
La gestión y transporte de los residuos radioactivos es un gran problema quos quos radioactivos es un gran problema quos quos radioactivos es un gran problema que pued.
Jose Antonio Otxoantesana zendu berri den iheslari politikoari azken agurra emateko ekitaldia antolatu dute igande honetan, hilak 19, Ondarroako Alamedan, 13.00etan.