GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Euskal Herria jaietan

Umeek egun berezia izango dute Markinako jaietan

Karmen Txiki Egunean Markinako Zelaian haurrek prest izango dituzte zezen mekanikoa, puzgarri handia eta gaztelu puzgarria, baita «jumping» egiteko eta quad-etan ibiltzeko aukerak ere. Gainera, disko festa eta erromeria ere izango dute. Helduentzako hitzordurik ere bada, besteak beste, arratsaldeko mus txapelketa eta gaueko kontzertuak.

p014_f02_250x116.jpg

Haizea AMEZAGA |

Markinarrek jaietako egun nagusia izan zuten atzo herenegungo suziriaren ondotik. Txiki nahiz heldu, aspertzeko betarik gabe igaro zuten guztiek eguna. Baina jaiak aurrera doaz, eta gaurko eguna ere ekitaldiz lepo dator.

Txikienak dute egunik atseginena, baita neketsuena ere eta horregatik indarrak ondo neurtu beharko dituzte. Goizean goiz hasi eta gaua bitartean zereginik ez zaie faltako. Egun osoan zehar haur-jolasak izango dira Zelaian: quad-ak, zezen mekanikoa, puzgarri handia, gaztelu puzgarria eta jumpinga, besteak beste.

Goizean zehar, bestalde, zesta-punta txapelketetako -benjamin, alebin, infantil eta kadete kategorietan- finalak jokatuko dira pilotalekuan.

Eguerdira bitartean, herriko trikitilariek kalejira egingo dute, goizean goiz txistulariek egin ostean.

Jolasen ondotik dantzarako okasioa izango dute haurrek. Iluntzeko batuka eta dantzagarriak egongo dira Goiko Portalean. Animatzaile euskalduna prest egongo da musikari koreografiak jarri eta bertaratzen direnei erakusteko, giro ezin hobea sortzeko asmoarekin.

Haurrek ez ezik, gazte eta helduagoek ere badute zer gozatua. Gauean, esate baterako, rock kontzertuak izango dira Zelaian. The Waltrapax eta The Bon Scott Band taldeek joko dute bertan. Azken hauek duten errepertorioan AC/DC talde ospetsuen hainbat kanta entzun daitezke.

Koadrila eguna

Bihar goizerako hitzordu nagusia herriko frontoian dago jarrita, bertan hainbat pilota partida izango baitira. Baina eguna batez ere herriko talde eta koadrilei dago zuzenduta. Jai hauetako herri bazkaria Zelaian egingo da, Markinatik pasatzen diren guztiei gonbita eginda dagoela. Bazkaria baino lehen, Markinako-Xemeingo Trikitixa Eskolak, herriko Musika Eskolaren laguntzaz, girotuko du markinarren bazkalaurreko gosea.

Behin urdailari gozatua emanda, Hau Dok Hau txaranga betea kalejiraren buruan jarriko da. Taldea orain dela bost urte, Markinako jaietan batu zen lehen aldiz. Eta oraingo honetan perkusionistak, bonbardinoak, tronpa, tronboiak, tronpetak, saxoak eta klarineteak, denak bilduz, herriko giroa suspertuko dute.

Dantzan nahikoa egin ez duenak, aukera Amaiur taldearen eskutik izango du beste aukera bat, erromerian. Markinako Zelaia betetzea espero da euren aldarrikapenaz, «indarra, jaia, dantza eta borroka».

Igandeko eguna, nahiz eta modu lasai batean antolatuta egon, berandu samar amaituko da. Ia astebeteko jaia izan eta gero, Markinako herritarrek herriko jaietako pertsonaia, Alarabi, agurtu beharko dute. Ekitaldiari soinu-banda jartzeko ohorea Hau dok Hau fanfarreak izango du. Ajea sendatzekotan musika tresnak berriro hartuko ditu eta Alarabik merezi duen agurra eskainiko diote.

Herri bazkaria

Biharko egunerako, mahaia ipinita izango da Zelaian. 2.000 markindar inguru batzen dira urtero elkarrekin jateko. Musika eta gastronomia izango dira plater nagusiak, Markinako herri bazkarian.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo