General Motorseko presidente ohiak 6,1 milioi euroko ordaina jasoko du
Munduan izan den autogintzako enpresa transnazional handienetarikoa izandako General Motors ixteko zorian utzita, dimititzera behartua izan zen Richard Wagoner. Martxo amaieratik presidente ohia den horrek kalte-ordainetan sekulako dirutza jasoko du.
GARA |
General Motors autogintzako enpresarik handienetarikoa izateaz gain, munduko enpresarik handienetarikoa ere bazen, eta gainera XX. mendean AEBetako ikur eta sinbolo bilakatu zen, eta herrialde honek beste inork baino gehiagok islatzen zuen sistema kapitalistaren erakusle izan zen hamarkada luzeetan.
Baina ikurrak ikur, Estatu Batuetako beste enpresa erraldoi eta finantza-entitateak bezala, General Motorsek ere porrot egin zuen, eta Gobernuak emandako dirua behar izan zuen aurreko astean epailearen kontrolpetik ateratzeko.
Aurretik, galerak zirela-eta, ekainaren 1ean langileei ordainketak eten zizkieten, «denen onurarako zela-eta».
Ondoren, AEBetako Gobernuak enpresa nazionalizatu zuen. Horrek, beste enpresa berri baten sorrera eragin zuen, General Motors Company deiturikoa, aurreko enpresaren aktibo baliagarri guztiak xurgatu zituelarik, Barack Obamaren Gobernuak kudeatzen duena.
Azkenik, enpresa porrotetik atera zen pasa den ostiralean, 27.000 langile kale gorrian utzirik. Bestelako etorkizuna izango du, aldiz, azken 32 urteotan enpresaren nagusi izan den Richard Wagoner, egun enpresa kudeatzen dutenek uste baitute bere jardueragatik konpentsatu behar dutela, nahiz eta bere eskutik heldu den General Motorsen porrota eta langileen kaleratzea. Horregatik 8,55 milioi dolarreko (6,1 milioi euro) kalte-ordaina jasoko du hurrengo bost urteotan.
1.200.000 euro urtero
Horren ordainketa egiteko, GMek AEBetako finantza arduradunari bidaliriko dokumentuan ageri denez, Wagonerrek 52.880 euro jasoko ditu urtero langileen erretiroko programatik, eta beste 1.160.000 euro urtean zuzendaritzako kideen erretiroko programatik.
Gainera, 1,83 milioi euro gehiago eskuratuko ditu, presidente ohiarentzako eta kontseilari ohientzako enpresak 1997az geroztik kontrataturik duen asegurutik.
Enpresak berak korporazioaren urteko txostenean kalkulatu duenez, presidente ohiak jasoko duen kalte-ordainen zenbatekoa aurreko urtean zegokiokeena baino %60 txikiagoa da.
Nabarmentzekoa da, ildo honetan, 2000. urteaz geroztik Wagoner jauna General Motorseko presidente, zuzendari eta kontseilari nagusia izan dela, aurtengo martxoaren amaiera aldera AEBetako Gobernu Federalak haren dimisioa eskatu zuen arte. «Hori da egingo dudana» onartu zuen orduan, baita egin ere, jasoko zuen ordaina kontuan izango baitzuen.
Kalte-ordainak bost urtetan zehar jasoko ditu: 1,7 milioi dolar zuzendari ohia izateagatik eta beste 74.030 dolar langile ohia izateagatik, urtero. Horrez gain, 2,57 milioi dolar lortuko ditu GMek kontrataturik duen aseguru pribatu bategatik. Eta hori guztia iaz lortuko zukeena baino %60 gutxiago da.