Nazioarteko eta bertako taldeek reggae musikaz bustiko dute Armintza
Armintzako Txapelreggae jaialdia badator reggae musikaz bustita. Afrikan Simba, Errol Bellot, Deadly Hunta eta Root Diamoons nazioartekoak, eta Potato & Begoña Bang Batu eta Chalwa Band Euskal Herriko bertakoak, arituko dira larunbatean reggae topaketa honetan.
Koldo OTAMENDI | DONOSTIA
Bizkaiko kostaldeko paraje ederrenetako batean ospatuko da beste urte batez Txapelreggae jaialdia. Ekimenaren abiapuntua 1990. urtean kokatzen da, eta zenbait urtetan izandako etenaldia atzean utzita, reggae musikaren topaleku bilakatuko da berriz ere Armintza. Txapelreggae jaialdiaren unerik gorena gaueko hamaiketatik aurrera izango da, itsasoaren ertzean jarritako agertokian musika hastearekin batera. Aurtengo ediziorako antolakuntzak aukeratu duen leloarekin bat, goizeko lehen argi izpiekin batera amaituko dira emanaldiak. Hain zuzen ere, «Egunsentia arte!» lema da 2009ko Txapelreggaek izango duen leloa, eta eguraldiak laguntzen badu, gau giro ederraz gozatzeko aukera izango da.
Nazioarteko musikariak
Parte hartuko duten musikarien artean, Britainia Handiko reggae musikak garrantzi berezia izango du. Taulara igoko diren talde eta bakarlarietatik hiruk, bertan dute sorleku edo bizilekua. Afrikan Simbak rastafari erlijioa ekarriko du gurera, sentimendu eta reggae gozoaz eta lehoiaren indarrarekin musika zabalduz, eta, Deadly Huntak, berriz, egungo erritmoak landuko ditu, bere emaitza komertzialagoa jendaurrean azalduz. Musikariaren zenbait bideolan MTV musika kate ospetsuan ere emititzen dira eta kaleratu berri duen azken diskoko kantak ere joko ditu zuzenean.
Nazioarteko artistekin amaitzeko, Errol Bellot taldeak reggae klasikoa eta roots giroak landuko ditu eta aurreko bi artistek bezala, Upper Cut Band taldea izango du musikari-talde laguntzailea. Amaitzeko, berriz, Root Diamoond taldeak rockstady eta ska-jazz erritmoak ekarriko ditu Bartzelonatik Armintzara. Musika kontserbatorioko musikariak izaki, musika tresnei zukua atera eta kalitate handiko melodiak eratzera ausartzen da taldea.
Nazio mailako artistekin batera, bertako taldeek ere izango dute lekua. Bide horretan, Potato taldea, Euskal Herriko reggae musikan erreferente nagusia dena, Armintzan izango da beste behin ere.
Aitzindariak gurean erritmo bero eta jamaikarrak jorratzen, larunbateko emanaldian Begoña Bang Matu abeslariaren laguntza izango dute. Amaitzeko, Chalwa Band igoko da taula gainera. Chalwa, 2006ko amaieran sorturiko taldea da, eta taldekideen artean Uribe Kostako musikariak biltzen ditu nagusiki. Estudioko lehen lana prestatzen ari diren honetan, hainbat jaialditan izan dira jotzen, eta Txapelreggae jaialdiko kanta ofizialean parte hartu dute. Kanta egiteko orduan, berriz, King Konsul eta Beta izan dituzte ahotsetan lagun, hurrenez hurren, 12 Tribu eta Aktaz taldeko abeslariak.
Emanaldi guztiak doakoak izango dira, eta aire librean. Antolatzaileek aurtengo ediziorako kanpatzeko leku berezirik aurreikusi ez badute ere, Armintzak eskaintzen dituen zelai berdeak erabili ahal izango dira kanpin denda jarri, eta atsedena hartzeko.