Dorleta URRETABIZKAIA Aktorea eta idazlea
«Pobre de mí...»
Entzun arren San Fermin zu zaitugu patroi zuzendu gure oinak entzierro hontan otoi» entzuteko aukera izan dugu aurten, lehen aldiz, Iruñean. Eta honek eragindako pozarekin geratu nahiko nuke aspaldiko festarik arriskutsu eta latzena neure memorian betiko gorde aurretik. Izan ere, zezenek une gogorrak biziarazi dizkigute guztioi, entzierroak bizi izan dituztenei batez ere, baina baita telebistaren eta hesiaren bestalde segurutik ikusi ditugunoi ere. Baina tira, aurtengoagatik amaitu dira eta zapi gorriak armairuan gordetzearekin batera, festa berriak datozkigu, baita antzerki jaialdi eta ikuskizunak ere. Izan ere, ekainaren 27an hasi eta hilaren 30era arte izaten ari den Meridako jaialdia bere 55. edizioa ospatzen ari da. Hilaren 2an hasi eta 26ra arte izango da Almagroko XXXII. Antzerki Klasikoaren Jaialdia ere. Baina maleta hartu eta urrunago joan nahi duenak ere baditu Europan zehar ere aukera asko, hala nola Avignon-eko jaialdia (Estatu frantsesa), Festival Chalon Dans La Rue (Estatu frantsesa), International Riverside Festival (Stockton), La Strada jaialdia (Austria), Internationaal Straattheater Festival (Gante, Belgika), Fringe Festival (Edinburgo, Eskozia), Aurillac-eko Kaleko Antzerki Jaialdia (Estatu frantsesa), besteak beste. Bidaia kultural eta aberasgarria nahi duenak beraz, izango du antzerkiaz gozatzeko aukera.
Baina bertatik mugitzerik ez duenak, edota nahi ez duenak ere izango du aukerarik. Izan ere, hilaren 17tik abuztuaren 1era Erriberriko Antzerki Klasikoaren X. edizioa izango baitugu, ingurune zoragarri batean antzerki klasikoaz gozatu nahi duenarentzat. Eta antzerki klasikoaz ari naizenez, klasiko handi baten bi lanetan oinarrituriko antzezlanak ikusteko aukera izango dugu laster Donostian, hala nola Jean- Baptiste Poquelin, Molière dramaturgoarenak. 1622. urtean Parisen jaiotako gizon honek, Teatro Ilustre taldea sortu eta herrialde osoa zeharkatu ondoren, Conti printzearen Komediante bilakatu ziren. Liskar ugari izan ostean, Luis XIV.a erregearen talde izatera pasatu ziren Troupe Monsieur izena hartuz eta Comédie Française izango zenaren hazia ereiten hasi ziren. 1673. urtean, idazlea Argán pertsonaia nagusia antzezten ari zela ondoezik sentitu zen eta handik ordu batzuetara hil egin zen, otsailaren 17an.
beraldo:... Eta orain entretenimendu gisa, gai honi buruzko Molièreren komediaren bat ikustera eramango zintuzket.
argan: Lotsagabe galanta da Molière hori bere komedia horiekin! Oso gustu txarrekoa iruditzen zait medikuak bezain pertsona errespetagarriez barre egitea.
Medikuenganako berebiziko gorrotoa sentitzen zuen idazle handi honen hitz hauek «El enfermo imaginario» antzezlanean idatzi zituen eta abuztuaren 25etik 30era izango dugu gure hirian ikusteko aukera. Eta medikuen inguruan baita ere idatziriko «El médico a palos» antzezlana berriz, uztailaren 19ra arte izango dugu.
Sanferminak amaitu dira eta «Pobre de mí» kantatu ostean, hobe genuke, medikuarenera minduta joan aurretik, Molièren komediaren batekin barrez lehertu eta bide batez, laster geure artean izango dugun Donostiako Jazzaldiarekin gozatzea.