GARA > Idatzia > Iritzia > Editoriala

Hiru hilabete berririk gabe

Hiru hilabete beteko dira gaur Jon Anza desagertu zenetik. Apirilaren 18an trena hartu zuen Baionako geltokian, Okzitaniako Tolosara bidean, eta ez zen hiri horretan ETAko norbaitekin zuen hitzordura agertu. Horixe da etxekoek dakiten guztia. Baionako prokuradoreak hasitako ikerketak ez du aparteko argibiderik eman. Ez dute Anzarekin zer gertatu den jakiteko inongo arrastorik aurkitu.

Sendiak egin zuen desagerpenaren lehen salaketa, bai prokuradorearen aurrean, baita hedabideen aurrean ere. Anza preso ohia eta iheslaria izatea bazen nahikoa susmo txarrenak izateko, baina, erantzunak baino galdera gehiago zituzten une haietan, etxekoek eta haien abokatuak ez zuten inongo hipotesirik baztertu, kontuan hartuta gaixo eta ezindu samar zegoela. Desagertu zen egunean ETArekin hitzordua zuela eta beste datu batzuk jakinarazteko erakunde armatuak zabaldutako agiriak, ordea, gerra zikinaren hipotesia lehenetsi zuen, zalantzarik gabe.

Orduz geroztik, mugimendu independentista desagerpenaren salaketa indartzen aritu da, «non da Jon?» aurreneko galderari «zer egin duzue Jonekin?» galdera gehituz. Erantzun gutxi izan dira. Alfredo Perez Rubalcaba izan da hitz egin duena; ETAren salaketa ameskeria hutsa zela esateko, lehenik, eta Anzak zeraman diruarekin ihes egin ahal izan zuela botatzeko, ondoren. Antza, «bertsio ofiziala» eraiki nahi izan dute berriro ere, ihes egin izanaren aukera hori, Anzak zuen gaixotasuna kontuan hartuta, ezinezkoa izan arren. Horrenbeste badakite ikerketa egiten ari diren poliziek, eta baita Alfredo Perez Rubalcaba berak ere. Beraz, beste behin ere, gezurretan ari da.

Dena dela, gertaera likits honetan esanguratsuena askoren isiltasuna eta erreakziorik eza da. Gertatutakoa argi dadin eskatzeko ere ez dute hitz egin alderdi politikoek eta giza eskubideez aho betean aritzen diren ustezko bakezaleek. Indarkeriaren gaian, berriro ere, hipokrisia lazgarria da nagusi.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo