GARA > Idatzia > Iritzia > Txokotik

Xabier Izaga Irakaslea

Egia ezkutatzea ez da bidea, oztopoa baizik

GARAk, joan den igandean, Santos Sagardui Gatza-ren aitari egindako elkarrizketa irakurri nuen. Oso ondo ulertzeko moduko gauzak esan zituen. Esate baterako, egoera txarra dela, baina ez dela oraingoa, aspaldiko egoera txarraren ondorio baizik; egia hori, Santos Sagarduik eta bere semeak oso modu gordinean bizi dutena, Estatu espainoleko telebistetan debekatuta egon arren. Hala ere, egia ez da egiago zerrizainak barik Agamenonek esateagatik. Gezur bat ez da egia albistegi amaieran «así han ocurrido las cosas y así se las hemos contado» esateagatik edo albisteen aurkezlea gorbatatzar koloretsu bat jantzita agertzeagatik.

Burura etorri zait egunotan aspaldiko Jose Maria Carrascal hura, gauero bere albistegia ustezko etakideen argazkiak erakutsiz bukatzen zuena. Nork ez du gogoan harako «vamos con las fotografías de los terroristas más buscados»? Carrascal koitadua beldurrak eta gorbatak airean dabil, seguru asko, azkenaldi honetan, elkarte patriotico espainol horietako batek salaketa jarriko ez ote dion biktimak mintzeagatik.

Arartekoak oraindik orain aurkeztu duen ezohiko txostenak lagun asko harritu ditu. Harritzekoa da eta. Egia, errealitatea ezkutatze hori areagotzeko gomendatzen du, eta alde bateko sinbolo eta sentimenduen jazarpen eroa goresten du. «Etorkizun baketsu baterako» alderantzizko bidea, hain zuzen.

Arartekoa herritarren eskubideez arduratu behar duen instituzioa da, Administrazioaren ahanzturen eta gehiegikerien ondorioak konpontzen edo arintzen ahalegindu behar duena. Baina Iñigo Lamarkak hautu politiko baten aldeko jarrera nabarmena agertu du, Enrique Mugica Herzogek Estatu mailan kargu bera hartu bezain laster agertu zuen jarrera berbera, PPk eta PSOEk Euskal Herriari dagokionez duten estrategia politikoaren araberakoa. Eta bere txostena faxismoaren politika berrezitzaileak gomendatuz borobildu du. Bilboko Aste Nagusian Sonia Polo (oraindik, ustez, jarduneko agintariek ondo irizten badiote) bere eskubide guztien jabearen ordez, Luis Carrero Blancoren memoria aldarrikatuko duen txupinera nahi luketen politikak alegia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo