GARA > Idatzia > Iritzia > Gutunak

Jexux Arrizabalaga Donostia

Kaixo Balentxi

Uztailaren 14an hiru urte bete dira joan zinenetik. Guk 18an ospatu nahi dugu zure heriotzaren 3. urteurrena. Portuan karmengo jaietan gogoratuko zaitugu, eta, horrez gain, egun horretan egingo den kantu-jiran zure omenez pare bat kantu kantatuko ditugu.

Zeure zeruan hor ibiliko zara bazterrak nahasten, eta seguru asko hemengo gauzen berri ere izango duzu. Hala ere, badaezpada, hemengo zenbait gauzaren berri emango dizut. Egia esan, mandotik zaldira pasatu ordez mandotik astora pasatu garelakoan nago. Baina, zure mariskadak hor jarraitzen du. Hor dabiltza zure lagunak zuk utzitako lanak egiten.

Sortzailea zaituen DEEk ere lanean segitzen du, dirudienez, gero eta lan gehiagorekin, izan ere, krisian gauden honetan drogaren eraginpean gero eta baztertu gehiago daude. Horrez gain, etorkinen aurkako jarrera areagotu egin da. Egia da izugarrikeriak egin dituztela, bai auzoan, bai beste zenbait lekutan, eta horietako zenbait errudun dela, baina, hortik xenofobia jarrerak mantenduz guztiak zaku berean sartzea ez da zilegi, eta zoritxarrez horren arriskua dago. Zure falta nabaritzen da guztioi pertsona guztiok eskubide berberak ditugula esateko, eta injustizia sozialaren ondorio direla gazte baztertu batzuen jokabide horiek, eta hortik guztiak gaizkileak direla ondorioztatzea ez dela gizalegea.

Horrela gabiltzan bitartean, gure alkatea, zure alkatea, hor dabil zer egin ez dakiela handikeriatan: Saguesen hotela jarri behar duela, Monpasen pasealeku ez dakit nolakoa egin behar duela, eta hori eta gehiago gutxi balitz, orain, hiri izatera iristen ez den Donostia honetan metroa egin behar duela esanez atera zaigu. Badirudi krisirik ez dagoela gure hiri miragarri honetan, nahiz eta egunero esaten ari zaizkigun zergekin gero eta diru gutxiago jasotzen dutela.

Albiste alaiagoetara joz, esan behar dizut Aste Nagusira begira Piratek antolatzen dituzten jai herrikoi eta euskaldun horietan, aste osoan ez zaigula jairik faltako. Ematen duenez, indartsu dabiltza jai alai eta parte hartzaileak prestatzen. Ikusiko dugu zer ateratzen den.

Beno, Balentxi, karmenetan gogoan izango zaitugu, zure ohoretan sardinak jan eta sagardoa edango dugu, DEEko amekin batera, hau da, zu maite zaituen jendearekin hor izango gara.

Dena dela, ez nuke bukatu nahi esan gabe zure ditxosozko ondasunekin ez dugula zure borondatea betetzerik izan, oraindik, hor gabiltzala konpondu nahian eta ezinean.

Gai hau aipatzen dudan azken urtea izango ahal da laugarren hau!

Agur Balentxi. Maite zaitugu!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo