GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Mairuaren Alarde berritua estreinatuko da Antzuolako jaietan

Hainbat hilabete lanean aritu ondoren, Mairuaren Alarde eraberritua ezagutuko dute gaur Antzuolan. Ekitaldiaren betiko muinari eutsi dioten arren, hainbat aldaketa egin dituzte. Bestalde, egun osoan izango dute zerekin gozatua antzuolarrek. Goizean goizetik hasita, gauera arte, musika, dantza eta jan-edana ez da faltako.

p017_f02_90552.jpg

GARA |

Iragan ostegunean hasiera eman zietenetik jaietan da Antzuola. Gaur bertan, herritarrek zein bertara inguratzen direnek izango dute zerekin gozatu, egitarau bete-betea baitute prestatua.

Goizeko zazpiak aldean, eguna ondo hasi edo ondo bukatzeko, txokolate-jana izango dute txosnetan. Hamarrak inguruan berriz, kanoi-sutzea izango dute. Geroxeago, eguerdi partean, haurren gozamenerako, Kulki taldearen eskutik jolasak egingo dituzte Ondarren.

Bestalde, musikarentzat lekurik ere izango da gaur Antzuolan. Izan ere, goiz partean Bergara banda ibiliko da kaleko giroa alaitzen eta eguerdia pasatxo, kontzertua eskainiko du Zurrategin.

Iluntzean, Mairuaren Alardea egingo dute Herriko Plazan eta, ondoren, Oinarin taldearen saioa izango da.

«Sakoneko izaerari eutsiz»

Urte luzetako ohitura dute Antzuolan Mairuaren alardearena; bertan, bi ekintza goraipatzen dituzte. Batetik, Valdejunquerako gudako pasarte bat irudikatzen dute. 920. urtean Nafarroako Muetzen arabiarren aurkako borrokan antzuolarrek Nafarroako erregea lagundu zutela dioen kontakizuna dute oinarri. Bertan, Abderraman III.a kalifa preso hartu izana goraipatzen da.

Bestalde, Foru aginduei jarraituz, udal miliziek urtero armak aztertzeko egin ohi zuten erakusketa ere ekartzen du gogora ekitaldiak.

Udaleko Kultur Batzordeko arduradunek diotenez, ordea, «badirudi ospakizunarekiko lotura epeldu egin dela, herritarrek ez baitute gogo handirik bertan parte hartzeko». Antzuolarrek jaiaren gainean zein iritzi zuten jakiteko Eusko Ikaskuntzak egin zuen ikerketa baten arabera, herritarrek alardea mantendu beharreko ohitura dela deritzote. Baina, ikerketak jasotzen duenez, beste batzuen iritziz, ospakizun militarra da eta mairua eta hark irudikatzen duen kultura gutxiagotu egiten ditu. Horrela, antolatzaileen hitzetan, «ezaugarri horiek ez datoz bat gaur egun ditugun balio sozialekin; kulturen arteko errespetuarekin eta harremanarekin».

Etorkizunean jaiarekin zer gertatuko zen zalantzak zituztenez, beraz, eraberritzea erabaki zuten. Eusko Ikaskuntzaren gomendioak jarraituz, taldeko partaideen iritzi eta proposamenez alardearen edukiak aldatu dituzte. Hasteko, mairuaren irudia duindu dute, orain arte soldaduen buruzagiarekiko azaltzen zuen mendekotasuna baztertuz.

Bestalde, «egungo hainbat balio» txertatu dituzte. Esaterako, «diskurtsoa leundu dute, testuko hainbat hitz eta aipamen moldatu, eta kultur aniztasuna agertuko dute». Gainera, alardeko diskurtsoa «historiarekin hobeto lotu dugu», esan zuten Kultur Batzordekoek.

Aldaketak aldaketa, Antzuolako Udaleko Kultura Sailekoek argitu zutenez, «Mairuaren Alardearen sakoneko izaera mantendu egin da eta aldaketekin ospakizuna aberastea izan da asmoa».

Alardearen ondoren, bestalde, oraindik izango da ekitaldirik Antzuolako jaietan. Gau partean, hainbat ekitaldi egingo dira. Hasteko, herri-afaria izango dute Zurrategin, txosna batzordeak antolatuta. Leku berean, kontzertuak izango dira segidan. Herriko Plazan, berriz, suzko zezenarekin gozatzeko aukera izango da. Gauerdian, bestetik, Cóctel latino taldeak alaituko du giroa Herriko Plazan.

musika eta jaia

Hainbat ekitaldi izango dira Antzuolan egun osoan. Goizean Bergarako bandak alaituko ditu kaleak, gau partean, berriz, txosna gunean zein Herriko Plazan kontzertuak izango dira.

ALARDE BERRITUA

Antzuolarrak Mairuaren Alardeko hainbat gauzarekin bat ez zetozenez, hainbat aldaketa egitea erabaki zuten. Ekitaldia egungo garaira egokitu duten arren, muinari eutsi egin diote.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo